Egiako bizilagunek 2.000 sinadura aurkeztu dituzte Udaliforen bulegoan, Dbuseko ibilbideak berreskuratzeko
Egiako bizilagunek 2.000 sinadura eraman dituzte Udalinforen bulegora, Dbusen 9 eta 42 lineetako ibilbideak berreskuratzeko asmoz. Tabakalera inguruan elkartu dira bizilagunak 11:30ean, eta elkarrekin abiatu dira Easo kaleko bulegorantz. Egia Bizirik auzo elkartearen egitasmoa izan da, eta urrian aldatu zituzten ibilbideak berreskuratzea du helburu, aldaketa horiek bizilagunei “ondoeza” eragin diela iritzita.
Karlos Trenor auzo elkarteko kidearen arabera, aldaketek batez ere “adineko jendeari” eta “mugikortasun mugatua dutenei” egin die kalte: “Ikusi genuen jende asko haserre zegoela, sinadurak biltzea erabaki genuen. Aste batean 2.000 sinadura lortu ditugu, eta askoz gehiago eskuratu ditzakegu”.
Auzo elkartearen ustez, ibilbide berriek “hirigunetik aldentzen” dituzte Egian bizi direnak: “Alde Zaharretik, Bretxako merkatutik, udaletxetik, Kontxako hondartzatik… aldentzen dituzte”. Horrez gain, uste dute ibilbide berriek “zaildu” egiten dutela linea batetik bestera aldatzea. “Lehen, ia linea guztiak Bulebarrean zeuden, eta erabiltzaileek metro gutxi ibili behar izaten zuten Egiako autobus geltokitik beste autobus lineetara iristeko. Lineaz aldatzeko erraztasun hori desagertu egin da ibilbide berriekin”, nabarmendu dute.
Bi pertsona sartu dira Udalinforen bulegora sinadurak emateko. Bertako langileak sinadurak eskaneatu ditu, eta Alkatetzara bidaliko ditu aurki. Ikusteke dago udalak lehengo ibilbideak berreskuratzeko erabakia hartuko duen ala ez.