Ekialde Barrutiko erosketa bonuen kanpaina abiatu dute
Gabonetako kanpainaren baitan, Altza, Intxaurrondo, Larratxo, Bidebieta, Herrera, Egia, Loiola, Txomiñenea eta Martuteneko saltokiek deskontu bonuak eskainiko dizkiete bezeroei. Marisol Garmendia Ekonomia eta Enplegu zinegotziak adierazi duenez, Gabonetan auzoko saltokietan erostea bultzatu nahi du kanpainak: “Ezagutzen ditugun eta ezagutzen gaituzten saltoki horietan aurkitzen ditugu bilatzen ditugun opariak, harreman komertziala hurbilagoa da eta komunitatea egiten dugunekin auzo egiten dugu. Horregatik, ohitura on hori dinamizatu eta sustatu nahi dugu, hiriaren ekialdean bizi direnak horren partaide egiten ditugulako”.
Kanpainak hamabost euroko erosketa bonuak jarriko ditu saltokietan; horietatik, kontsumitzaileak hamar euro ordainduko ditu, eta Donostia Sustapena gainerako bost euroez arduratuko da. Orotara, 5.000 bonu banatuko dira ekimenarekin bat egin duten 90 saltoki baino gehiagoren artean eta Donostiako Udaletik azaldu dutenez, bezero bakoitzak bi erabili ahal izango ditu gehienez, komertzio bakoitzeko.
Kanpaina gaur hasi eta urtarrilaren 5ean amaituko da. Parte hartzen duten saltoki guztiek kartel bereizgarri bat izango dute, eta horrez gain, San Sebastian Shops webgunean kontsulta daiteke saltokien zerrenda.