Nobu hotelari «berehala irekitzeko» baimena eman dio udalak
Udalak adierazi duenez, astearte honetan lehen okupazio partzialeko lizentzia jaso du Nobu hotelak, eta horrek hotelari “berehala irekitzeko” aukera emango diola baieztatu dute udal iturriek. Ixteko agindua eman eta hilabetera etorri da hotela berriro zabaltzeko aukera.
Hirigintza Sailak hotela ixteko agindua eman zuen, hotelak lehen okupazioko lizentziarik ez zuela egiaztatu ondoren. Ikuskapen teknikoen arabera, hotelak ez zituen betetzen araudiari buruzko hainbat gai, eta, beraz, ezinezkoa zen nahitaezko lizentzia ematea. Itxi ondoren, hotelaren jabeak eta udalak “lan estua” egin dutela aipatu dute udal iturriek, “konpondu gabe dauden gaiak erregularizatzeko”.
Horiek konponduta, Nekane Arzallusek zuzentzen duen sailak hotela zati batean irekitzeko baimena eman du, teilatupeko solairua izan ezik. Hain justu, hiriko hainbat eragilek salatu dute eraikina eraberritzerako garaian ez dela Hirigintza eta Eraikuntza Ondarea Babesteko Plan Berezia (HEOBPB) errespetatu, eta hori aztertuko dute udaleko teknikariek ere, “eraikinaren babes mailarekin bateragarria den ala ez egiaztatzeko”.