Altxerrik ateak itxiko ditu urtea amaitzearekin batera
Altxerrik abenduaren 31n itxiko ditu tabernaren eta kontzertu aretoaren ateak. Azaroan atera zen argitara arte galeria itxiko zutela, eta une horretan ez zegoen argi zer gertatuko zen tabernarekin eta kontzertu aretoarekin. Bada, El Diario Vasco egunkariak argitaratutakoaren arabera, horiek ere urtea amaitzearekin batera itxiko dituzte.
2022ko udatik hona, Dabadaba aretoko arduradunek kudeatu dute lokala, nahiz eta jabeak beste batzuk ziren. Hain justu, egunkari horrek jaso duenez, jabeen erabakia izan da taberna eta kontzertu aretoa ere ixtea, kudeatzaileek proiektuarekin jarraitu nahi baitzuten.
Altxerrik 40 urte bete berri ditu 2023an, 1983an ireki baitzuen egungo jabe Raquel Martinez Ubagok eta beste kide batzuek. Hain justu, Martinez Ubago bera izango da arte galeriak edukiko duen azken erakusketaren protagonista. Hilaren 14an inauguratuko da.
Establezimendua itxi eta salgai jartzeko asmoa omen dute orain jabeek.