Aske utzi dituzte Santi Cocaren hilketaz akusatutako lau pertsonetatik hiru
Santi Coca adingabearen heriotzagatik akusatutako lau lagunetatik hiru absolbitu egin ditu kasuaz arduratzen den epaimahaiak, eta laugarrena erruduntzat jo dute zuhurtziagabekeria larriko homizidio delituagatik. Bosgarren inputatu bat aske geratu zen joan den astean, akusazioak erretiratu zizkiotelako, lekukoek ez baitzioten ezer leporatu. Seigarren auzipetua justiziatik ihes eginda dago duela hilabete batzuk.
Gertakari horien epaiketa azken asteetan egin da, Gipuzkoako Auzitegian. Eta gaur gauean irakurri du epaimahaiak hiru auzipetu absolbitzea ekarri duen epaia. Laugarren akusatua erruduntzat jo dute zuhurtziagabekeria larriko homizidio delitu batengatik, alkoholaren eraginpean jardun izanaren aringarriarekin. Era berean, Iker Cocari –Santiren anaiari– anaia erasotik babesten saiatzen ari zenean eragindako lesio arinen delitu baten erruduntzat jo dute.
Hasiera batean, fiskaltzak, akusazio partikularrak (Santi Cocaren familia) eta herri ekintzak (Donostiako Udala) hamabost urteko kartzela zigorra eskatzen zuten lau auzipetuentzat, baina epaia eman ondoren, lau urteko espetxe zigorra eta isun bat eskatu dute kondenatuarentzat. Haren defentsak eskatu du erruduntzat jo duten delituagatik gutxieneko zigorra ezartzea.
2019ko apirilaren 26an Donostiako Nautikoko diskotekan izandako liskar batean hil zuten 17 urte zituen Santi Coca.