«Errepublikaren aldeko prozesu konstituziogile bat» eskatu dute
Errepublikaren aldeko elkarretaratzea egin dute eguerdian hainbat lagunek Ijentea kalean, Euskadiko Mugimendu Errepublikanoak antolatuta. Errepublikako bandera handi bat zabaldu dute, eta ondoren, manifestu bat irakurri dute, “errepublikaren aldeko prozesu konstituziogile bat” bultzatzeko eskatuz.
Gaur, abenduak 6, 45 urte beteko dira 1978ko konstituzioa erreferendumean berretsi zenetik. “Juan Carlos erregea diktadorearen oinordeko gisa mantentzeko sortu zen konstituzioa, herriari monarkia frankista horren eta errepublikara itzultzeko aukeraren artean erabakitzeko aukera eskaini gabe; 1936an, indarrez eraitsia”, adierazi dute.
Mugimenduaren ustez, konstituzio horren oinarrizko askatasuna eta eskubide sozialen promesa kalkulatua, “baliagarria izan zen politikari eta enpresaburu frankistak demokrata gisa legitimatzeko”. Gainera, langileen eskubideak “egunero urratzen” direla uste dute, eta gizarte zerbitzuak, osasuna eta hezkuntza, pribatizatzen ari direla “enpresa handien eta kapitalaren onura desberdinekin”.
Horiek horrela, “elkartasuna” adierazi diete “kapitalismo nagusiak esplotatzen dituen eta estatu monarkikoak etxebizitza, lana eta etorkizun duina ukatzen dien gazteei”. Horrez gain, “estatuaren eta elizaren benetako banaketa” eskatu dute, eta azken hori legearen menpe jartzea; “besteen ondasunak bidegabe bereganatzen diren milaka kasuei, pederastia kasuei eta abarrei erreparatuz”.
Estatu eredua legearen eta herri berrespenaren menpe jartzea ere eskatu dute, “monarkia herriaren berdintasunaren eta subiranotasunaren aurka doan bitartean, eta estatuko buruzagitza betetzean legea modu larrian eta behin eta berriz urratu duen bitartean”.
Errepublika eraikitzeko lanean jarraitzen dutela nabarmendu dute, “lan duinerako, etxebizitzarako, herrien laikotasunerako, berdintasunerako, krisi ekologikoaren aurkako borrokarako, memoria historikoa berreskuratzeko eta frankismoaren biktimak birgaitzeko eta erantzuleak gaitzesteko eskubidea bermatzeko esparru gisa”.
“Euskadiko Mugimendu Errepublikanotik uste dugu badela garaia errepublika baten aldeko prozesu konstituziogile berri bat bultzatzeko. Eskubide eta askatasun demokratikoak zerbitzatuko eta defendatuko dituen errepublika bat, egunero urratzen dituen kapitalismoaren aurrean”, aldarrikatu dute.