Gazte bat atxilotu dute Donostian, pertsona bati objektu zorrotz batekin lesioak egitea leporatuta
Ertzaintzak 21 urteko gizonezko bat atxilotu du Donostian arma zuri batez beste gazte bat zauritzea leporatuta. Dirudienez, eztabaidatu ondoren, atxilotuak arma zuri batez eraso zion biktimari. Zauritua ospitalera joan zen, eta larrialdietan hartu zuten, pneumotoraxa baitzuen.
Donostiako ertzain etxeko iturriek zabaldu dutenez, aurreko eguneko gauean gertatu omen zen guztia. Elkar ezagutzen zuten bi gaztek eztabaida izan zuten kalean, eta, halako batean, batek besteari kolpe bat eman zion bizkarrean.
Biktima etxera joan zen lotara, eta, goizean, arnasa hartzeko zailtasunak eta odol arrastoak zituela esnatu zen. Hori ikusita, ospitalera joatea erabaki zuen. Atzo, ertzainek ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuten, Donostian, lesio delitu bat egotzita. Atxilotua epailearen esku utzi dute polizia eginbideak amaitu ondoren.