Manifestazio jendetsu batekin oroitu dute Aitor Zabaleta
Ehunka lagun elkartu ziren atzo Aitor Zabaletaren omenez Bultzadak eta bestelako talde antifaxistek antolatu zuten manifestazioan. 25 urte bete berri dira ultraeskuindar batek Aitor Zabaleta realzalea hil zuenetik, eta hura gogoan, 19:00etan Bulebarretik abiatu zen manifestazioa. Realzaleak ez ezik, beste talde batzuen jarraitzaileak ere izan ziren bertan, eta beste biktima batzuk ere izan zituzten gogoan; Iñigo Cabacas, esaterako. Manifestazioaren amaieran, lore eskaintza bat egin zuten Bulebarrean. Gaur, larunbata, Ibaetako Aitor Zabaleta plazan jarri dituzte omenaldiko loreak, bere argazkiaren aurrean.
Madrilen hil zuten Zabaleta, Atletico Madrilen eta Realaren arteko UEFA kopako kanporaketako neurketa ikustera joan zenean. Vicente Calderon estadioaren kanpoaldean, ultraeskuindar batzuk oldartu egin zitzaizkion, eta oldarraldi horretan, ultraeskuindarretako batek, Ricardo Guerrak, labankadaz hil zuen Zabaleta.
Realak hilaren 17an jokatuko du Anoetako hurrengo partida, Betisen aurka, eta aurretik omenaldia egingo diote Zabaletari, estadioaren kanpoaldean, 15:30ean. Bertsolariak, musikariak eta Zabaletaren lagun eta senide batzuk egongo dira omenaldian.
Hona hemen atzoko manifestazioko hainbat argazki: