Eustasio Amilibiaren erretratu zaharberritua Alkatetzan dago
Ibilbide luze baten ondoren, Eustasio Amilibia Egaña (Tolosa, Gipuzkoa, 1801 — Donostia, 1864) Donostiako alkate ohiaren erretratua Donostiako Udaletxean dago azkenean, Alkatetzaren bulegoan. Udalak 2017ko maiatzean jaso zuen erretratua dohaintzan, Amilibiaren birbiloba Maria Asuncion de Amilibiaren alargun William Richard Fookesen eskutik. Obra San Telmo museoaren eskuetan utzi zuen orduan udalak, katalogatu eta zaharberritu zezaten. Ovalo enpresari agindu zion zaharberritzea museoak, eta lanak bukatuta, duela aste batzuk zintzilikatu zuten erretratua udaletxean, Eneko Goia alkateak lan egiten duen espazioan.
Frantziako Estatuko margolari batek egin zuen obra 1836an, baina bere izen-abizenak ez dira jakinak. Familiaren etxean egon zen koadroa 36ko gerrara arte, baina urte hartako irailean, tropa frankistak Donostian sartu eta Amilibiatarren etxea, Hernani kalean zegoena, konfiskatu zuten. Ordurako, Amilibiaren biloba Koro Matxinbarrena hiritik alde egindakoa zen, baina koadroa etxean gelditu zen, eta militar kolpistek hiru tiro egin zizkioten.
Amilibiaren ondorengo batzuk 36ko gerran hil ziren, beste batzuk gerraren bueltan espetxeratuak izan ziren eta beste batzuk erbestera joan ziren. Frankisten balek zulatutako erretratua desagertu egin zen, baina alkate ohiaren senideek 1960ko hamarkadan berreskuratu ahal izan zuten, Txilen. Partzialki zaharberritu zuten, eta Maria Asuncion de Amilibiak jaso zuen oinordetzan, eta testamentuan idatzi zuen koadroa Donostiako Udalari dohaintzan ematea nahi zuela, kontserbatu eta ikusgai jarri zezaten. Horrela, biloba hil ostean, hala egin zuen haren alargunak, eta 2017an jaso zuen udalak.
Lau aldiz alkate
Eustasio Amilibia politikari liberal progresista XIX. mendeko figura politiko garrantzitsu bat izan zen Donostiarentzat eta Gipuzkoarentzat, beste kargu politiko batzuen artean, lau aldiz izan baitzen hiriko alkate. Horren aurretik, Lehen Karlistaldian (1833-1840), Donostiako Milizian izena eman zuen, eta Espartero jeneralaren aginduetara borrokatu zen Oriamendiko gotorlekuaren, Hernaniko eta Urnietako hartzeetan.
Gerra bete-betean, 1837an, Donostiako alkate eta Gipuzkoako buruzagi politiko izendatu zuten estreinakoz; azken kargu hori 1841ean, 1842an eta 1853an ere eduki zuen. 1841ean izendatu zuten bigarrenez hiriko alkate, eta 1843ra arte egon zen karguan, Espartero erbesteratu zuten arte.
1848an iritsi zen hirugarrenez alkatetzara, eta 1850era arte egon zen karguan. 1853an, Gipuzkoako buruzagi politikoa zela, lurraldeko hiriburutza Tolosatik Donostiara pasatzea lortu zuen. Handik urte batzuetara, 1861ean, laugarrenez izendatu zuten Donostiako alkate, eta 1864an hil zen arte egon zen kargu horretan. Azken agintaldi horretan lortu zuen hogei urtez baino gehiagoz helburu izan zuena: Espainiako Gobernuak onartzea hiriko harresiak botatzea. Horrela, hiriaren zabalkundea ahalbidetu zen, baita Donostia haztea eta hiri turistiko bilakatzen hastea ere.
1917an, udalak Eustasio Amilibiaren izena jarri zion hiriko kale bati, baina Francoren erregimenak Amilibiarena kendu eta Zumalakarregiren izena eman zion kale horri. Ondoren, 1962an, harresien eraisketaren mendeurrenaren bueltan, udalak Eustasio Amilibiaren izena jarri zion Amara Berriko kale bati, eta hala jarraitzen du egun.