Astiñene baserria etorkizun laburrean desjabetzea aztertzen ari da udala
Donostiako Udalak Astiñene baserria desjabetzeko aukera jarri du mahai gainean, ez baitu lortzen Loiolako baserriko jabeekin akordio batera iristea, ezta eraikina baldintza egokietan mantentzea ere. Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi duenez, udaleko Hirigintza Ordenantzaren Batzordean Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak mahai gainean jarri berri duten aukeraren berri eman du, EH Bilduko Ricardo Burutaranek baserriaren egoeraren inguruan galdetu ostean.
Astiñene 1600-1650 urte artekoa da, eta eraikitako ondarea babesteko EHOBPB planean dago, babestu beharreko eraikinen artean. Nolanahi ere, oso baldintza txarretan aurkitzen da egun, besteak beste, jabeek ez dituztelako zaharberritze lanak egiten, eta erortzeko arrisku larrian dagoela adierazi du Arzallusek. Hori horrela, Donostiako Udalak dozena erdi isun jarri dizkio jabetza duen elkarteari, halako baldintzetan izateagatik. Oinarrizko zaharberritzea bultzatzeko asmotan bidalitako isunek, ordea, ez dute esperotako erantzuna jaso, izan ere, Grucybsam enpresak ordaindu gabe jarraitzen du.
Gauzak horrela, Noticias taldeko hedabideak jaso duenez, desjabetzearen aukera baloratzen ari direla aitortu du Nekane Arzallusek aipatu batzordean, bere hitzetan “tragedia” bat izango litzatekeelako eraikina eroriko balitz.