Xabier Abalde zinemagileak Machado eta Egia batuko ditu dokumental berrian

Xabier Abalde, 27 urteko zinegileak, ikus entzunezko proiektu pertsonala grabatzen dabil Egian. Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi duenez, Porrontxo jaietan hasi zen filmatzen, joan den irailean, eta datorren urterako proiektua amaitzea aurreikusten du. 27 urteko egiako bizilagunak Andoainen ikasi zuen zinema, eta orain, auzoa eta Antonio Machadoren poesiatik jasotzen dituen sentimenduak uztartu nahi ditu proiektu berrian: Haitz grisen eta belardi xumeen arteko errepide luze bat izango du izenburu Egia auzoari eskainitako dokumentak.
Abaldek zuzendutako ikus entzunezko lanak beste lau profesionalen ekarpenak izango ditu: besteak beste, Nora Blanco, Nerea Berroeta, Unai Pellejero eta Ibai Cabezas izango ditu bidelagun. Gainera, auzoko bizilagun baten musika ere izango du proiektuak, oraingoz bere izena zabaltzeke dagoen arren. Dokumentala euskaraz eta gaztelaniaz izango da eta ingelesezko azpitituluak izango ditu.
Abalderen aurreko lanak
Duela bost urte Zer metro? izeneko dokumentala aurkeztu zuen Abaldek, metroaren inguruko igarobidearen inguruko aurkakotasuna adierazi eta eztabaida publikoaren beharra aldarrikatzeko. Dokumentalean arlo ugaritako lagunek hartu zuten parte: Gorka Otxoa, Ander Gortazar, Ramon Agirre, Rosa Garcia, Julio Villar, Patri Espinar, Kattalin Miner, Olatz Salvador, Sara Cozar, eta Harkaitz Cano besteak beste.