Xare jardunaldiak 600 ikasle inguru gerturatuko ditu euskarazko kultura digitalera
Bihar eta etzi informazioaren eta komunikazioaren teknologien egoitza garrantzitsu bilakatuko da Ibaetako campusa, Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldietan. Antolatzaileek azaldu duten moduan, egitasmo honek helburu bikoitza du: batetik, informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) arloan euskararen erabilera sustatzea; eta bestetik, euskarazko kultura digitala ezagutzea. Horretarako, hamabi ikastetxe gonbidatu dituzte (Antigua-Luberri BHI, Larramendi, Axular Lizeoa, Nazaret, Lauaizeta Ikastola BHI, San Luis–La Salle, Arantzazuko Ama BHI, Santa Teresa, Ekintza, Altza BHI, Zubiri-Manteo BHI, Zubiri-Manteo LH), eta Batxilergoko lehen mailako 594 ikaslek hartuko dute parte aste honetako edizioan.
Ikasle horiek guztiak hiru taldetan banatuko dituzte eta 9:00etatik 13:45ra bitarte lantegi praktikoak eta tailerrak izango dituzte, digitalizazioaren berrikuntzak aztertu eta euskaraz sortutako gune eta esparru berrien erabilera hauspotzeko. Besteak beste, memegintza, robotika, podcastak eta streamerrak izango dituzte hizpide, baita euskaraz sortutako softwareak ere. Era berean, sare sozialetan erabiltzaileek uzten duten arrastoaz eta honen ondorioez arituko dira, “pribatutasuna sarean” eta sareetako harreman afektibo sexualen eredua aztertuko dute Ane Ortiz sexologoarekin batera.
Tailer eta hitzaldiez gain, ikasleek Miren Narbaiza MICE musikari eibartarraren kontzertua gozatu ahal izango dute 10:45–11:05 bitarte, Ignacio Maria Barriola Zentroko areto nagusian.