Datorren urteko Tabakalerako zine programa aurkeztu dute: Western garaikidea eta Marguerite Duras ardatz
Tabakalerak urtarrilaren 11an hasiko den 2024 urteko zinema denboraldi berria aurkeztu du, programatzen duten erakundeek Tabakalerako pantaila partekatuan egindako proposamen programatikoaren eskutik: Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elias Kerejeta Zine Eskola eta Tabakalera.
2024ko helburu nagusietako bat Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zinema aretora “publiko berria erakartzea lortuko duen programazioa diseinatzea” izan da. Horretarako, programazio-proposamen espezifikoak programatu dira, eta UPV/EHUren eta EQZEren laguntza izan dute Tabakalerako pantaila partekatzen duten erakundeek, besteak beste.
Zinema-bonua eta emanaldietarako sarrerak abenduaren 15etik aurrera egongo dira eskuragarri Tabakalerako webgunean eta informazio gunean.
Nosferatu: AEBko western garaikidea
Datorren urtarrilaren 17an hasiko da Tabakaleran Nosferatu ziklo berria, USA western garaikidea 1962-2021, Sam Peckinpah zuzendari duen Duelo en la Alta Sierra (Ride the High Country, 1962) filmaren proiekzioarekin. Zikloa Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatua da, Tabakaleraren eta Institut Valencia de Culturaren lankidetzarekin, eta 2024ko urtarrila eta abendua bitartean garatuko da.
Zikloak western krepuskularren sei hamarkada hartuko ditu, eragin europarra daukaten dirty westernak; “indarkeriaren belaunaldia” deitu izan dena osatzen duten zinemagileengana hurbilketa (Richard Brooks, Don Siegel) edo “Hollywood berria” (Robert Altman, Michael Cimino); 1980eko hamarkadan generoa biziberritzeko egindako saialdiak –Silverado (Lawrence Kasdan, 1985)– eta 90ekoan –Bailando con lobos (Kevin Costner, 1990)–; Sin perdón (Clint Eastwood, 1992) filmak publikoaren eta kritikaren artean izandako izugarrizko arrakastak ekarri zuen bultzada… garai hauetara hurbilduta Kelly Reichardt edo Jane Campion zuzendarien lanetaraino.
Zikloarekin batera bi liburu editatuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Western USA 1962-1992, Nosferatu Bildumako 20. zenbakia. Bigarrena, Iñigo Marzabalek koordinatua, Nosferatu Bildumako 12. zenbakia, 2024ko amaieran editatuko da.
Marguerite Duras eta Bas Devos
Urtarriletik aurrera zinema eta literatura gurutzatuko duten zikloa jarriko dute martxan. Marguerite Duras idazle eta zinemagilea izango da zikloaren ardatza. Hilean behin, Marguerite Durasekin lotutako zine saio bat izango da eta hainbat idazle gonbidatuko dituzte saio bakoitza aurkeztera. Miren Agur Meabe izango da zikloaren lehen gonbidatua, 2024ko urtarrilaren 12an Marguerite Durasen Le camion (1977) filmaren inguruan jardungo da.
Pantaila partekatuaren beste ezaugarri nagusietakoa izan da bere sorrerarik nazioarteko zinemaldien zirkuitutik datorren zinema garaikideari lekua ematea. Horren adibide izango da urtarrilaren 13tik otsailaen 24ra Bas Devos zuzendari eta gidoilari belgikarraren filmografia osoa ikusteko aukera eskainiko duen zikloa. Violet eta Hellhole, bere lehen bi film luzeak Berlinalen estreinatu zituen. Hirugarrena, Ghost Tropic, 2019ko Cannesko Zinemaldiko Errealizadoreen Hamabostaldiaren amaierako filma izan zen. Bere azken film luzeak, Here, Berlinaleko Encounters saila irabazi zuen eta Donostia Zinemaldiren azken edizioko Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatu zen.
Bestetik, zinemagileen eta ikusleen arteko hurbilketa sustatzen jarraitu asmoz, Kontatutako zinea jarriko da martxan berriz ere. Zinegileek filmen sortze prozesuari buruz zine aretoan hitz egiteko topagune bat proposatzen duen zikloaren barruan Fermin Muguruza izango da gonbidatua datorren igandean, abenduaren 17an, Bidasoa 2018-2023 proiekzioarekin eta 2024an zehar Jaione Camborda, Isabel Herguera, Ion de Sosa, Celia Rico eta Alberto Martín Menacho etorriko dira.
EHU programazio taldea
Urtarrilaren 25etik aurrera eta ekainera arte, EHUko ikasle talde batek hilean behin programatuko du Tabakalerako zinema aretoa. Zikloaren haria filmen soinu bandak dira, eta aukeratu duten lehena Ridley Scotten Blade Runner (1982) da. Partekatutako pantaila EHUko ikasleen gustuko proposamenetara irekitzearen helburua zinema aretorako publiko berriak sortzea da.
Era berean, EKZEko 2023-2024 ikasturteko komisariotza espezialitateko ikasleen taldea modu kolektiboan ari da lanean apirilaren 8an hasiko den astean kontzentratuko den zinemako programa publiko bat definitzeko. Tabakalerarekin batera antolatutako programa hau zinemagintzaren eta zine programazioaren inguruko hausnarketa eta eztabaida lan baten emaitza izango da.