Guadalupe Plata, The Tibbs, Flamingo Tours eta Rambalaya ariko dira Mojo Workin' jaialdi berrituan
Donostiako Mojo Workin’ musika beltzaren jaialdiak abuztuan iragarri zuen 2024an itzuliko zela, eta zein taldek joko duten iragarri berri du sare sozialetan: Guadalupe Plata, The Tibbs, Flamingo Tours eta Rambalaya. Horiez gain, Bea GB, Jose Carlos MG, Moonwolf, Alex Subinas, Naken, Sir Gorka, Marcos Carnaby eta Dr. Punko DJ-ak izango dira gauak luzatzeko arduradunak. Musika azoka ere jarriko dute, eta Txetx Le Metxe, Imanol Bastera eta Iñigo Art DJ-ek girotuko dute hori. Martxoaren 8an eta 9an izango da jaialdia, Egiako Dabadaba aretoan; sarrerak hemen daude salgai.
2019an egin zuten azkenekoz Mojo Workin’ jaialdia, eta Amerikako Estatu Batuetako musika beltzaren urrezko garaiko musikariak ekarri ohi zituzten ordura arte, tokiko musikariek osatutako banda bikain batek lagunduta Donostia 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Detroit, Filadelfia edo Chicago bihurtu zezaten. Jaialdi berrituan ez da garai hartako izarrik egongo, baina esentzia eta doinuak berberak izango dira.
Guadalupe Plata Ubedako (Jaen, Andaluzia, Espainia) blues talde bat da, musika estilo hori jazzarekin, psikodeliarekin eta flamenkoarekin nahastu izan duena, eta ia hogei urteko ibilbidea duena.
The Tibbsi dagokionez, Herbehereetako soul taldea da, Europan forma onenean dagoenetako bat. Hamar urte luzeko ibilbidea du Roxanne Hartog abeslaria buru duen taldeak, eta ikuskizun handia eskainiko du Mojo Workin’ jaialdian.
Flamingo Tours rock-and-roll taldea Myriam Swanson abeslari katalanaren proiektua da, eta ia hamar urteko ibilbidea egin du dagoeneko, areto ugaritan bere musika arrakasta handiz eskainiz.
Azkenik, Rambalaya rhythm & blues talde bartzelonarra da, esperientzia eta maila handiko musikariek osatutakoa.
Pandemiak zapuztutako jaialdia
Gure Gauza Kultur Elkartea da Mojo Workin’ jaialdiaren antolatzailea, Arkaitz Kortabitarte Punko buru. 2010ean sortu zen, 1960ko hamarkadako Amerikako Estatu Batuetako rhythm & bluesa eta soula Donostiara ekartzeko helburuarekin, eta hori egin zuen 2019ra arte, etengabe handituz. Horrela, garai hartako musikariak ekartzen zituzten, eta garai hartan atera zituzten diskoetako abestiak jotzen zituzten, nagusiki jatorrizko bertsioetan, ondoren egindako konponketarik gabe. Tokiko musikariek osatutako banda bikaina izaten zuten alboan 1960ko hamarkadako izarrek, eta emanaldi bereziak izan ohi ziren. Gainera, musika beltzaren zaleentzat ez ezik, Donostiako, Euskal Herriko eta estatuko mod askorentzako bilgunea zen Mojo Workin’ jaialdia.
2020an, hamaikagarrenez egitekoak ziren, baina jaialdiaren asteburuan bertan konfinamendua ezarri zuten, koronabirusaren pandemiarengatik. Hori dela eta, bertan behera utzi zuten dena, eta horrek galera ekonomiko handiak eragin zizkien antolatzaileei: “Egin ditugun kalkuluen arabera, elkarteak 50.000 bat euro zor ditu, eta jaialdiak 65.000 eta 70.000 euro arteko galerak izan ditu”, azaldu zion Punkok hedabide honi 2020ko martxoan bertan. Jaialdia berriz antolatuko ez zutela dirudien, baina pandemia hasi eta lau urtera itzuliko da Mojo Workin’ jaialdia.
Jaialdiak egindako ibilbidea bertatik bertara ezagutu ez dutenek, Punkok idatzitako liburuak irakur ditzake, antolatzaileak bertan jaso baitzituen festibaleko musikariekin bizitako hainbat pasarte.