Kalte estrukturalak ditu Abuztuak 31 kaleko eraikinak
Udal arkitektoak Abuztuak 31 kaleko 28. zenbakiko eraikinaren egoera aztertu eta txostena osatu du, astelehenean Senra jatetxeko sukaldean izandako suteen ostean, eta txostenean ondorioztatu du eraikinaren zati batek kalte estrukturalak dituela —egurrezkoa da egituraren zati handi bat—, udaleko iturriek jakinarazi dutenez. Horrela, Nekane Arzallus alkateordea, Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotzia eta hainbat udal departamentutako teknikari Parte Zaharreko kale horretako 28. zenbakiko atariko bizilagunekin bildu ziren astearte arratsaldean, eta egoeraren berri eman zieten.
Izan ere, hasiera batean 28. eta 26. atarietako bizilagunak euren etxeetatik aterarazi bazituzten ere, 26.ekoak etxera itzuli ahal izan ziren gero, baina 28.ekoei ostatu eman zien udalak —batzuk senide edo lagunen etxera joan ziren—, hiriko hainbat hoteletan. “28. atariko bizilagunek gehienez hamar egun dituzte beraiek kontratatutako arkitekto baten txostena egiteko, dauden kalteak eta horiek zuzentzeko jarduerak zehaztuz. Bizilagunak dagoeneko arkitekto batekin harremanetan jarri dira eta arkitekto hori lanean ari da lehenbailehen hartu beharreko neurriak ezartzen duen txosten hori prest izateko. Behin txosten hori izanda, konponketak egiteko proiektu bat aurkeztu beharko dute eta Hirigintza departamentuak baimenduko du”, azaldu du udalak.
Horrela, gau hau ere etxetik kanpo pasatu behar izan dute bizilagunek, baina B eta C eskuetako bizilagunek —Abuztuak 31 kalera ematen duten etxeetakoek— goizean zehar itzuli ahalko dute euren etxeetara, eraikinaren alde hori ez baitago kaltetuta. Aldiz, A, D eta E eskuetakoek —Santa Korda kalera ematen duten etxeetakoek— soilik gauzak jasotzera eta Udaltzaingoak lagunduta itzuli ahalko dute momentuz. Udalak nabarmendu du ezingo direla etxera itzuli “bizilagunek kontratatu duten arkitektoaren txostenean ezarritako neurriak hartzen diren arte”.
Astelehenean, udaleko Gizarte Ekintza Sailak atari horretako bizilagun guztiei eskaini zien ostatu ematea, eta bederatzi familiak adierazi zuten interesa (hamazazpi pertsona), baina azkenean, udalak zazpiri eman zien ostatu. Horrela, A, D eta E eskuetako bizilagunei beste bi egunez emango die ostatu udalak.
Bestalde, udalak gogorarazi du Udaltzaingoa sutea gertatu izanaren arrazoiak ikertzen ari dela, eta Hirigintza Sailetik “egiaztatu” egin dutela “sutea izan duen ostalaritza establezimenduak hainbat isun jaso dituela azken urteotan, baina une honetan baimen guztiak zituela jarduera emateko”. Hain zuzen ere, besteak beste, otsailean argitara atera zen Senrak hainbat langile esplotatzen zituela. Bestalde, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salatu du dagoeneko hamalau sute zenbatu dituela auzoko ostalaritza establezimenduetan, eta kontrol gehiago egiteko eskatu dio udalari, auzoan 200 bat ostalaritza establezimendu daudela gogoraraziz.