Lidergoa eta final-zortzirenetara, edonori aurre egiteko gai direla erakutsita
Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkapena multzoen faseko bi jardunaldiren faltan ziurtatuta, helburu bakarra zuen atzo Realak Inter Milanen etxean, fase horretako azken jardunaldian: berdintzea edo irabaztea, lider gisa sailkatzeko. Eta Imanol Alguacil entrenatzaile denetik ohiko bihurtzen hasi den moduan, helburua bete zuen taldeak. Hain zuzen ere, hutsean berdindu zuen talde italiar historikoarekin, Europako talde onenetako batekin. Orain erraza dirudi, baina nork pentsatuko zuen denboraldiaren hasieran lider gisa pasatuko zirela txuri-urdinak hurrengo fasera? Taldea nondik datorren ez ahaztea komeni da.
D multzoko bigarren gisa sailkatu nahi ez bazuen, irabazi beharra zuena Inter Milan zen, eta, beraz, etxekoak ziren benetan erasora joan behar zirenak. Ordea, Reala ez zen atzean sartzera zelairatu, baloia edukitzera eta izan zitzakeen aukerak aprobetxatzera baizik. Talde osoa sendo aritu zen 90 minutuetan, eta txuri-urdinek Sommerren atean arrisku handirik sortu ez bazuten ere, italiarrek ere ez zuten arrisku handirik sortu Remiroren atean, atzean lan bikaina egin zuelako talde donostiarrak.
Zubimendi, Merino eta Zakharyan zelai erdian nagusi izan ziren, aurrera begira zein atzera begira seriotasun handiz jokatuz, eta Traorek, Le Normandek, Zubeldiak eta Aihenek argi zuten Remiroren atea ez zuela inork gaindituko. Sadiq ez zen bereziki fin ibili goian, baina presio eta laguntza lan handia egin zuen, nekaezin. Take izan zen arrisku gehien sortu zuen jokalari txuri-urdina, penalti bat ere probokatzera iritsi zena, baina VAR sistemaren bidez bertan behera utzi zuen epaileak, argi ikusi baitzen ez zela kontakturik izan. Oiartzabal kapitainak ere ez zuen arrisku handirik sortu erasoan, baina lan handia egin zuen zelaiko zona guztietan, erdilari bat gehiago zirudiela. Turrientes, Magunazelaia, Aritz, Carlos Fernandez eta Tierney zelairatu zituen bigarren zatian zehar Alguacilek, eta taldearen maila mantentzeko gai izan ziren beraiek ere.
Etxekoei dagokienez, Dimarco, Thuram eta Alexis arriskua sortzen saiatu ziren, baina arrakastarik gabe. Atzean sendo ibili ziren erdilariak zein atzelariak, baina gogor lan egin behar izan zuten eskuin hegalean Takeren abiatzeak gelditzeko eta erdian Sadiqen presioa gainditzeko.
Distira handirik gabeko partida izan zen, apur bat aspergarria tarte batzuetan, baina realzaleek ahaztuko ez dutena. Izan ere, hamar urteren ondoren Txapeldunen Liga jokatzen ari da Reala, eta azken urteotako maila altuena erakusten ari da. Abenduaren 18an izango da final-zortzirenetako zozketa, eta ziurra da talde handiren bat egokituko zaiela txuri-urdinei, txapelketa honetan ez baitago talde txikirik. Baina lider gisa sailkatuta, Europako talde handienak saihestuko dituzte donostiarrek hurrengo fasean, eta horrek amesteko aukera emango dio familia txuri-urdinari. Non egongo da talde honen muga?