Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak tabernetako suteen aurkako prebentzio neurriak hartu ditzala eskatu dio udalari
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea oso kezkatuta agertu da azken egunotan Senra sukaldean egondako suteengatik. Gogorarazi dutenez, Parte Zaharreko “etxebizitza askok zurezko egitura dute, eta horien azpian 200 ostalaritza-establezimendu daude” sukalde, argiztapen sistema ugariak, eta hozkailuekin bestek beste. Adierazi dute, era berean, suteak ugariak izan dira azken urteotan: “Segurtasun baldintzak kontrolatzen direla esango digute, baina ez gara horretaz fidatzen. Elkarteak 14 sute zenbatu ditu: Ganbara, Txuleta, Txalupa, Sirimiri, Atari, Portaletas (2 aldiz), Anbigu, Haizea, Tiburcio, La Colchonería, Astelena, Janito Kojua, Senra Zaharrean (2 aldiz)” .
Horiek horrela, ostalaritzako jarduerak antolatzeko, baimentzeko eta kontrolatzeko eskaera egin du auzo elkarteak. Bide horretan eskatu du “sukaldeetan egiten diren kontrolak hutsezko tramite ez izatea, araudiak dioenaren araberakoa baizik”. Era berean, “gogaikarri, osasungaitz eta arriskutsutzat” jotzen den jarduera oro zorrotz aztertzea eskatu dute auzoko bizilagunek.
Biltegien afera
Gaineratu dutenez, halaber, ostalaritza establezimenduek erositako etxabe asko ere badaude inguruan, biltegi gisa erabiltzen dabiltzanak, horietako asko legeztatu gabe egon arren: “53 biltegietako salaketen ondoren, Udalak 24 ikuskatu dituela erantzun du, eta soilik hiruk dutela jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpena erregistratuta”. Nolanahi ere, auzo elkarteak salatu du lokal horien “legezkotasuna berrezartzen hastea atzeratu egingo dela, elkarteearen salaketen ondorioz irekitako aurreko espedienteak ebatzi arte”. Horrenbestez, auzoan dauden biltegien kontrol zehatza egitea eskatzen dute auzotarrek.