Antxeta Ttan Ttakun Egiako aisialdi elkarteak 40. urteurrena ospatuko du larunbatean
Antxeta Ttan Ttakun Egiako aisialdi elkarte ezagunak 40 urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko festa antolatu dute larunbatean auzoan (hilak 16), egun osoko egitarauarekin. Auzokide asko eta asko pasatu dira Antxetatik, bai haurrak zirenean erabiltzaile gisa eta bai gerora monitore gisa; izan ere, Antxetak lau hamarkada daramatza auzoa alaitzen. Horregatik, aurtengo Porrontxo jaietan elkartea omendu zuten, eta Antxeta Ttan Ttakuneko kideek bota zuten txupinazoa.
11:00etan hasiko dira urteurren festako jarduerak larunbatean, eskulan ikastaroarekin. Argazki erakusketa irekiko dute jarraian, herri kirolak egingo dituzte 12:00etan, kalejira 13:00etan eta haurren bazkaria (13:30) eta helduen bazkaria (14:30) eguerdian. Bazkalostean, urteurrena borobiltzeko ekitaldi bat egingo dute, talde argazkia jarraian, eta Pasai txarangak alaituko du auzoa 18:00etatik aurrera.