Diana Krall, John Zorn, Gregory Porter, Marta Sanchez, eta beste hainbat talde 2024ko Jazzaldian
2024ko Jazzaldia uztailaren 23tik 28ra izango da, eta dagoeneko salgai daude sarrerak eta abonamenduak agertoki hauetarako: Trinitate plaza, Kursaal Auditorioa, San Telmo Museoa eta Victoria Eugenia Antzokia.
Programazioan honako abeslariak aurki daitezke: Rufus Wainwright eta Diana Krall kanadarrak; Marisa Monte brasildarra; Silvia Perez Cruz katalana; Gregory Porter; eta Youn Sun Nah korearra.
Jazz garaikidearen arloan bi sortzaileri eskainitako bi ziklo nabarmentzen dira. Lehenengoa, John Zorn saxofonista, hiru saiotako protagonista izango da: bi Kursaaleko Auditorioan eta hirugarrena Trinitate Plazan. Guztira sei talde arituko dira hiru saio horietan, Julian Lage, Brian Marsella, Ches Smith, Jorge Roeder, John Medeski eta beste hainbat instrumentista biltzen dituzten proposamenekin. Saxofonista eta konpositorearen ziklo honi amaiera emateko, Zorn bera Trinitate Plazan arituko da New Masada Quartet taldearekin.
Beste sortzaile garaikide bati eskainitako bigarren zikloan William Parker baxua izango da protagonista. Europan nekez ikus daitekeen musikari honek hiru kontzertu eskainiko ditu, bere hirukote, bikote eta laukotearekin, hiru agertokitan. Bi abonamendu sortu dituzte bi ziklo horietako bakoitzeko kontzertu guztietara joan nahi dutenentzat.
Gaur iragarritako izenen zerrendan Jazzaren eszenako beste izar asko daude: Brad Mehldau, laukote bat osatuta, lidergoa partekatuz Chris Potter saxofoian, John Pattituci baxuan eta Johnathan Blake baterian; mito bihurtutako bikote bat, John Scofield eta Dave Holland; eta belaunaldi berriko hiru pianista, Marco Mezquida balearra, Marta Sanchez madrildarra eta Julio Resende portugaldarra.
San Telmo Museoan, ohi bezala, pianista handiez gozatu ahal izango da, eta aurten, berritasun gisa, baita duo emanaldiez ere.
Horrez gain, laugarren aldiz jarraian ospatuko da, Victoria Eugenia Antzokian, JazzEñeren hamargarren edizioa, SGAE Fundazioak antolatua. Lau saio bikoitz izango dira, Jazz hispanoaren eskaintza onenarekin. Aukeratutako zortzi proposamenen programazioa 2024ko udaberrian emango da ezagutzera.
Iragarritako kontzertuetarako sarrerak eta abonamenduak salgai daude jada. Erosketak presentzialki egin daitezke leihatilan, eta baita online ere.
Doako kontzertuen egitaraua
Lau esparrutako ordainpeko kontzertuak jarri dituzte orain salgai, baina oraindik iragartzeko dago Jazzaldiaren egitarauaren zati handi bat, gainerako kontzertu guztiena. Gehienak doakoak, besteak beste agertoki hauetan emango direnak: Kursaaleko terrazak, Keler Gunea eta Nauticool.
Programa, PDF formatuan, hemen.