Euskaraldia 2025ko maiatzaren 15etik 25era izango da
Laugarren Euskaraldiak badu data: 2025eko udaberrian egingo dute, maiatzaren 15etik 25era. Hala jakinarazi dute ostegun goizean Tabakaleran, han bildu baitira Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Javier Arakama Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea, Bingen Zupiria,Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea.
Hirugarren Euskaraldiaren ondoren (2022ko azarokoa), balorazioak, ebaluazioak eta aurrera begirako erabakiak hartzeko denbora tarte bat hartu zuten antolatzaileek, Urkijok azaldu duenez: “Euskaraldia proposamen berria eta berritzailea izan zen: aurrez zenbait esperientzien oinarria zuen, baina planteatu zen dimentsioetan, ordura arte, inon horrelakorik burutu gabekoa. Metodologian ere berrikuntza ugari ekarri zituen, eta, bereziki lehenengoak, aurreikuspen guztiak gaindituta, sekulako astindua eragin zuen Euskal Herri osoan. Astindua bai egiteko moduetan eta baita hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoetan ere”.
Horrela, Euskaraldia “eraginkorra” izatea dute helburu, eta horregatik aldatu dute udaberrira: “Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen dute horretan”, nabarmendu du Urkijok. Era berean, 2025ean egitea erabaki dute, horrela hemendik aurrera Korrikarekin txandakatzen joateko.
Izan ere, 2024an egitekoa zen Euskaraldia, baina 23. Korrika ere urte horretan izango denez, atzeratzea erabaki dute, txandakatzeko. 2022an kointziditu zuten estreinakoz bi egitasmoek, 2021eko Korrika pandemiarengatik atzeratu zutelako 2022ra. Euskaraldiari dagokionez, 2018an egin zuten estreinakoz, 2020an bigarrenez eta 2022an hirugarrenez. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, hiru esperoentzien inguruan egin diren ikerketek “argi” erakutsi dute Euskal Herri osoan milaka eta milaka herritarrek beren hizkuntza ohiturak aldatu dituztela, euskararen alde; laugarrenean ere horri jarraipena emango diotela adierazi du Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.