Kalean da 'Rainbow Tapes', Motelas donostiarren bigarren diskoa
Motelas blues talde donostiarrak bere bigarren diskoa argitaratu berri du: Rainbow Tapes (Gaztelupeko Hotsak). Euren estiloari modu fidelean jarraitu diote donostiarrek lan horretan, iaz argitaratu zuten Sunset Tapes (Gaztelupeko Hotsak) diskoaren bide beretik baitoa, rock-blues kutsu handiko lana izanik. Plataforma digitaletan entzungai dago, eta taldearen zuzenekoetan erosi ahalko da formatu fisikoan, baina momentuz ez dute kontzerturik iragarri datozen hilabeteetarako. Taldeak berak sortutako zazpi abestiko diskoa da, sei ingelesez eta bat euskaraz.
Donostiako agertoki gehienak zapaldu dituzten bi musikarik gidatzen dute Motelas blues talde donostiarra: Txenan Calvo gitarristak eta Alberto Bosch baxu jotzaileak. Besteak beste, Blues Stop, Lau Behi, Los Patos, Hotel, Parafunk eta Katflap Blues Band taldeetan aritu ostean, Adrian Viñas bateria jotzailearekin (Luma taldean ibilitakoa) eta Iñigo Elena Helen abeslariarekin (The Amendoins taldeko kide ohia) elkartu ziren, Motelas taldea osatzeko. Taldea sortu zenetik, Donostiako eta inguruko hainbat agertokitan jo dute, besteak beste, Jazzaldian.