Mariasun Landarentzat da 2023ko Emakunde Saria
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak Mariasun Landa idazleari (Errenteria, Gipuzkoa, 1949) eman dio bere urteko saria, literatur ekoizpen zabalaren bidez emakumeen berdintasunari eta duintasunari egindako ekarpenagatik.
Sariaren epaimahaiak Landak 1980ko hamarkadaz geroztik Donostiako Emakumeen Asanbladan izandako militantzia feminista aktiboa nabarmendu du, bai eta Literaturaren Didaktikako irakasle gisa unibertsitatean egindako lana eta historian funtsezkoak izan diren beste emakume batzuen lanari buruzko artikulu, ikastaro eta hitzaldien bidez egindako dibulgazio jarduera zabala ere.
Redagi Gipuzkoako Emakume Elkarteen Federazioak babestu du Landaren hautagaitza, eta, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazi duenez, “sariak jasotzen dituen irizpide guztiak biltzen ditu, hala nola ibilbidea, garrantzia, oihartzuna eta berdintasunaren aldeko sariaren eragina”.
IRUTXULOKO HITZAk aurtengo udan elkarrizketatu zuen Landa, EHUren udako ikastaroetan parte hartu baitzuen. Hemen duzue elkarrizketa ikusgai.