'Betazalak' diskoa argitaratu du Xabi San Sebastianek
Xabi San Sebastian musikari donostiarrak bere bosgarren diskoa argitaratu berri du: Betazalak (Belarri), Lezoti estudioan grabatutakoa. Euskaraz abestutako hamar abestiko diskoa da, San Sebastianek egindako Irlanda, Eskozia eta Ipar Ameriketako folk doinuen entzunaldien eragina dutenak.
Horrela hitz egin du Harkaitz Cano idazleak diskoari buruz: “Kantuak daude eta destilatutako kantuak daude. Presaren eta istantearen emaitza direnak eta tantaketa luzearen emaitza. Bigarren taldean kokatuko nituzke disko honetakoak, tentuz eta tantoz tanto egindako lanaren fruitua baita Betazalak. Ez dago bolbora asmatu beharrik: bolbora zein bolbora-asmatzailea, bietarik bada lehendik ere sobera. Munduko triskantzak, kezka sozialak, zauriak ixteko ezgaitasuna eta ihesi doazen egunen markak kantuetan sartu eta etsipenaren ertzetan printza argitsuak topatzen saiatzen den artistari, nire miresmena”.
Beñat Gaztelumendi, Harkaitz Cano, John Milton, Iñigo Astiz eta Xabi San Sebastianek berak sortutako abestiak dira diskoa osatzen dutenak. Musikari hauek izan ditu bidelagun diskoan: Karlos Aranzegi baterian, Nando Neira kontrabaxuan eta baxuan, Quico Puges txeloan, Arkaitz Minel biolinean, Satxa Soriazu teklatuetan, Pello Gorrotxategi eskusoinuan eta Nahia Valle ahotsean (Konpai abestian). San Sebastianek ahotsa, gitarrak eta ukelelea jarri ditu. Diskoa artistaren Bandcamp atariko profilean entzun eta eskuratu daiteke.