Ebazpenik ez duen ekuazio sistema

‘ANATOMIE D’UNE CHUTE’
Zuzendaria: Justine Triet.
Urtea: 2023.
Herrialdea: Frantzia.
Justine Trietek Otto Premingerren Anatomy of a Murder (1959) maisulanaren itzala jarraitu duela inork gutxik jar dezake zalantzan. Izenburua bera du keinurik argiena, baina drama judizialen artean miretsiena, mamitsuena eta iradokitzaileena denaren bertsio (edo eguneraketa) frantsesa izatera ez da mugatuko Anatomie D’UneChute filma. Epaiketak ardatz dituzten obretan gertatu bezala, ikusizko alorrak baino, gidoiaren idazkuntza eta istorioaren eraikuntza milimetriko zein kirurgikoa izango ditu gidari, narrazio erabat disekzionatua eskainiz.
Alpeetan, hirigunetik urrun, bizi den familia baten degradazio psikologiko eta emozionala azaleratuko duen kasu azterketa proposatu digu Trietek Cannesko Zinemaldian Urrezko Palma irabazi eta nazioartean arrakastatsu izaten ari den filmean. Daniel semeak (Milo Machado Graner) hilda aurkituko du aita (Samuel Theis), ustez leihotik erori dena, baina badira zenbait adierazle ama (Sandra Huller) susmagarri bilakatzen dutenak. Ondorioz, epaitegietara joko dute, auzia argitzeko asmoz. Bateko zein besteko argumentuak zein teoria kontrajarriak balizko bilakatzen dituzten frogak erakutsiko zaizkigu, baina sekula ez dugu jazotako jakingo. Hilketa, istripua edo suizidioa izan da? Zinemagileari bost axola zaio, eta gu ere ez ginateke asmatzen tematu beharko. Izan ere, ‘egiaren ezagutza’ ez da Trieten helburua, Premingerrena izan zitekeen bezala; aldiz, ‘egia ezagutzearen ezintasuna’ berrestea da funtsa.
Friedrich Nietzscheren teoriekin bat eginez, eta egungo gizarte postmodernoaren oinarriei helduz, diskurtso ororen zentralitatearen etengabeko alboratze edo urrunketa du Anatomie D’Une Chute-k, hain zuzen ere, erdigune. Filosofo alemanak bere idazkietan Jainkoa hil zuela esan ohi da, hala, ordura arteko pentsamendu unibertsala krisian sartu eta utzitako zuloa betetzeko errelatoek hartuko zuten garrantzia. Bada, Trieten filmean, familiako aitaren erorketa eremuz kanpo gertatuko da, ez zinemagileak suspensea eragin nahi duelako, baizik eta osteko epaiketan sortuko den gerra dialektikoa interesatzen zaiolako. Entzungo ditugun ahotsek heriotza distortsionatuko dute, ikus-entzuleongan antsietatea, agonia eta iruzur sentsazioa eragiteraino.
Antzezpen hutsak dira epaiketak, zinemaren beraren ispilu; kontzientziaz eraikitako eszenaratze politikoak. Eta horien izaera performatiboan sakonduz, justiziak/egiak ezer gutxi inporta duela gogoraraziko digu, konbentzio moral eta interesatuen mendeko gizartearen biktimak baikara denok.