Gabonetan abiadura kontrolak areagotuko dituela jakinarazi du udalak
Donostiako Udalak trafikoaren abiadura kontrolatzeko kanpaina bat jarriko du abian Gabonetan, hiria zeharkatzen duten ibilgailuek hiriguneko abiadura mugak betetzen dituztela bermatzeko. Hala, kanpaina abenduaren 18an hasiko da, astelehenean, eta bat egingo du Gabonetan poliziak egiten dituen gainerako kontrolekin.
Abiadura kontrolak radar finkoen eta radar mugikorraren bidez egingo dira eta legeak ezarritako abiadura muga ez betetzeak 100€ eta 600€ arteko isunak ekar ditzake, baita gidabaimeneko sei puntu galtzea ere, egindako gehiegikeriaren arabera. 2021eko apiriletik, Donostiak 30 km/orduko abiadura muga du ezarrita hirian, behar bezala seinalizatutako bideetan izan ezik. Muga horren helburua, hain zuzen ere, “hiriko ezbehar tasa” murriztea dela jakinarazi du udalak.
Garraio publikoaren hautua
Nolanahi ere, udalak garraio publikoa erabiltzea gomendatu du, modu jasangarrian lekualdatzeko. Gainera, abenduaren 16tik urtarrilaren 6ra arte, egunero eskainiko da Illunbetik erdigunetako zuzeneko zerbitzua.