Gabonsariek Bulebarra inbaditzen zutenekoa
Abenduaren 21a urteko egun nagusienetakoa izan da betidanik, santomasetako azoka dela eta. Egun hori, baina, lanbide askoren gabonsarien data ere izaten zen behinola, eta besteak beste, trafikoko langileei opari txikiak uzteko ohitura zabaldu zen 1960ko hamarkadan.

Duela 60 urte, hiriguneko errepideen jaun eta jabe ziren trafikokoko udaltzainak. Semaforoen iritsieraren aurretik —baita lehenak iritsi zirenean ere— hiriguneko joan-etorriak kontrolatzen zituzten txilibitu kolpez, metro erdiko plataforma baten gainean. Soinean zeramatzaten Salakof kapelengatik kalimero gisa ezagutzen zituzten herritarrek, eta eguneroko hartu-emanaren ondorioz, Donostiako kaleetako bizitzaren parte bilakatu ziren urte gutxian. Goiz eta arratsalde, erdiguneko eta Parte Zaharreko gune jendetsuenetan zeuden kokatuta, eta muturreko baldintza klimatikoekin ere haien postuetan jarraitu behar izaten zuten, tinko.
Abenduaren 21, San Tomas eguna, izaten zuten urteko lan handiko egun nagusienetakoa. Plaza Berriko azokarekin jende andana pilatzen baitzen Parte Zaharrean Eguberrien atariko azken erosketak egiteko. Inguruko baserrietako bizilagun askok, ordea, euren produktuak saldu edo errentak ordaintzeko baliatzen zuten jardunaldia. Baserrietako gurdiz eta zaldiz beteriko egun hori, baina, zorionekoa izaten zen trafikoko udaltzainentzat, azoka handiaren egunarekin bat iristen baitzitzaion lantaldeari urteroko gabonsari preziatua.
Garaiko egunkariek jaso zuten moduan, Donostiako enpresa eta familia ugarik euren ekarpena egiten zuten urtero, eta hiriguneko bidegurutzeetan kokatuta zeuden saskietara jakiak eta edariak eramaten zituzten, urtean zehar egindako lana aitortzeko. Hala, egun horretan autoak ohi baino gehiago hurbiltzen ziren Udaltzaingoarengana; langile edo senideren bat ibilgailutik jaitsi, paketetxoa utzi eta martxa berreskuratzen zuten.
1954an hasi ziren opari txikiak uzteko ohiturarekin, eta kaxa mordoaz osatutako dorreen irudia urtez urte errepikatu zen 1960ko hamarkadan, semaforoak ugaritzeak kalimeroen jardunarekin bukatu zuen arte. 1972an izan zen gabonsariak kalean bertan uzteko azken urtea, ordutik aurrera Larramendi kalean utzi behar izan zituzten.
Freskagarriak andanaka
Orduko argazkietan agertzen den moduan, opari txiki horien guztien artean freskagarriak eta garbiketa produktuak ziren nagusi. Kantitate handienak enpresek eramaten zituzten, banatzaileen eta ibilgailuen sarrera-irteerak erraztu izana eskertzeko. Era berean, publizitate gisa baliatzen zuten ekimena; izan ere, hiriguneko bidegurutze jendetsuenetan produktuak erakusteko bide ematen zuen egitasmoak. Hori horrela, El Diario Vasco egunkariak jaso zuen moduan, erdiguneko eta Parte Zaharreko hamalau postutan oso ohikoa zen garaiko edari nagusien markak topatzea: besteak beste, Savin, Brandy Gonzalez Byass eta El Aguila ardo kaxak, Schuss, Coca Cola eta Pepsi Cola freskagarriak izaten ziren maiz, baita Secuc kateko elikagaien saskiak eta Elena eta Colon xaboi paketeak ere.«Puntu batzuetan topera zeuden, beste batzuetan, ordea, erdia zuten beteta, soilik», jaso zuten egunkariaren 1961ko albiste batean.
Autozaleen klubak bultzatuta
Galtzadaren inbasio bitxia Real Automovil Club Vasco Navarro (RACVN) erakundeak sustatzen zuen. Aurreko egunetan ugariak izan ohi ziren prentsan aurki zitezkeen gogorapenak eta egunean bertan ere, errotuluak jartzen zituzten udaltzainen aldamenean, bilketan parte hartzera animatzeko: «El Real Automóvil Club Vasco-Navarro pide tu aguinaldo para la Policía Municipal de Tráfico». Gabonsariaren babesle gisa jarduten zuen klubak udaltzainen zeregina jartzen zuten erdigunean, urte osoan zehar egindako ahalegina nabarmenduta: «Gure hiriko kale trafikorik handiena egunero arautzeko ardura duten udal funtzionario bihozberentzat eta arduratsuentzat. Tradizioari jarraituz, parte hartu nahi duen orok bere ohiko dohaintzak utzi ahal izango ditu, eta, horrela, Donostiako guardiak, urte osoan oinezkoen eta auto gidarien segurtasunaren alde bizi direnak, lagunduko ditu».
Ogibide kritikatua
Vocento taldeko egunkari zaharretan irakurri daitekeenez, ez dirudi trafikoa arautzeko ardura zuten langileak oso mirestuak zirenik donostiarren artean. Ugariak ziren beren egitekoa kritikatzen zuten irakurleen gutunak, eta antzeko tonua izan ohi zuten egunkariko iruzkinek ere. Nolanahi ere, urte osoko gorabeherak alde batera utzita, Eguberrien atarian «inoizko langile sufrituenak» zirela nabarmendu ohi zuten.