Garaipenaren bila, Aitor Zabaletaren omenaldia borobiltzeko
Realeko mutilek partida berezia dute igandean Anoetan (16:15). Ez Betisen aurka jokatuko dutelako, baizik eta Aitor Zabaleta omenduko dutelako, joan den astean 25 urte bete baitziren Atletico Madrileko zale ultraeskuindar batzuek erail zutenetik. Horrela, hiru puntu batzeko ez ezik, Imanol Alguacilen taldeak garaipena Zabaletari eskaintzeko ere irabazi nahi du. Ligako seigarren postuan daude txuri-urdinak, eta Europako postuetan gora egiteko garrantzitsua izango da Betisi irabaztea.
Zabaletaren omenaldiari dagokionez, 15:15ean egingo dute ekitaldia, estadioaren kanpoaldean realzale maitatuaren omenez dagoen monolitoan. Bultzada Txuri Urdinak antolatu du egitasmoa, eta hainbat pertsona ezagunek hartuko dute parte, Zabaletaren senide eta lagunekin batera. Ondoren, Realak zaleei eskatu die denborarekin sartzeko zelaira, eta partida amaitzean ere pixka bat gehiago egoteko harmailan.
Bestalde, Realeko neskek Atletico Madrilen etxean jokatuko dute igandean (12:00). Sailkapenaren erdialdean geldirik daude txuri-urdinak, eta goiko postuengatik borrokatu nahi badute, Madrilen irabaztea aurrerapauso handia izan daiteke. Ez da erraza izango, madrildarrak ligako bigarrenak baitira.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Lugon jokatuko du larunbatean (19:15), Ensinoren aurka. Ligako seigarren postuan daude donostiarrak eta zortzigarrenean galiziarrak, beraz, garrantzitsua izango litzateke irabaztea, tartea handitzeko. Bestalde, Gipuzkoa Basketek TAU Castelloren etxean jokatuko du larunbatean (20:30). Ligako bosgarrenak izanik, goiko postuetan jarraitu nahi dute donostiarrek, eta horretarako aukera ona dute asteburuan, hamalaugarren postuan baitaude Castellokoak.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 17. jardunaldia
- Reala — Betis (igandea, 17, 16:15)
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Atletico Madril — Reala (larunbata, 16, 12:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Ensino — Ibaeta Basket (larunbata, 16, 19:15)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 13. jardunaldia
- TAU Castello — Gipuzkoa Basket (larunbata, 16, 20:30)