Janariaren xahuketa saihesten eta osasuntsu jaten ikasi dute
Intxaurrondoko Salesianos ikastetxeko ikasle talde batek proiektu interesgarri bat garatu du: Agur, Baina Ongi Etorri. Hainbat ikasgaitan landu dute proiektua, osasuna erdigunean jarrita.
Salesianos ikastetxeko DBHko hirugarren mailako ikasle talde baten bisita izan du IRUTXULOKO HITZAk berriki, eta hedabide honen jarduna bertatik bertara ezagutzeaz gain, esku artean duten proiektu interesgarri baten berri eman digute ikasleek: Agur, Baina Ongi Etorri. Azaldu dutenez, «bizitza osasungarria eta kontsumo arduratsua» izan dira proiektuaren bi ardatzak.
Miren Etxeberria Garbizuk planteatu zuen abiapuntua, ikasgelan: «Mirenek planteatu zigun arazo bat: janaria eskaintzen duen enpresa bat garela eta dirua galtzen ari garela, eta ea nola konpondu dezakegun egoera. Horrela, eztabaida bat egin genuen, non batzuk janari osasuntsuagoa eskaintzearen alde zeuden eta beste batzuk menua aldatzearen edo prezioa igotzearen alde zeuden».
Hortik abiatuta, proiektua garatzen hasi ziren, hainbat ikasgaitan banatuta: Euskaran, Gorputz Hezkuntzan, Biologian, Matematikan eta Teknologian. Besteak beste, inkesta bat, hausnarketa bat eta zenbait ariketa egin dituzte, bi bat astez.
«Biologian, ikasi genuen zer diren elikagaiak eta mantenugaiak: zer den gauza bakoitza, bakoitzaren barruan zer mota dauden, zer desberdintasun dauden euren artean, eta abar. Era berean, ikasi genuen nola eduki dieta osasuntsu bat. Nagusiki, orekatua izan behar da halako dieta bat, mantenugai asko izateko», kontatu dute ikasleek.
Bestalde, bizitza osasungarri bat elikaduraz harago doala jakitun, Gorputz Hezkuntzan ikasitakoa ere gogoratu dute Salesianosekoek: «Kirol arloko bi aditu etorri ziren azaltzera beraien errutina zein zen eta zer desberdintasun dauden ariketa fisikoaren eta kirolaren artean».
Zaporeak, Too Good To Go eta beste
Irakasleen irakaspenen bidez ikasteaz gain, beste modu batzuetara ere ikasi dute ikasleek proiektuaren barruan, Intxaurrondoko Zaporeak elkartearen bidez, esaterako: «Eskolara etorri ziren, eta ariketa bat egin genuen beraiekin. Kontatu ziguten nola laguntzen dieten errefuxiatuei Lesbosen, beraientzako janaria biltzen, banatzen, eta abar. Oso interesgarria izan zen!».
Halaber, bizitza osasungarri bat izatea erraztu dezakeen aplikazio bat ere aztertu dute: Too Good To Go. «Aukera on bat da, osasuntsu jateko aukera eskaintzen dizulako, gutxi gastatuta, eta horrela ez zara McDonald’s eta halako leku ez osasuntsuetara joan behar. Oso ondo dago proiektu hori». Bestalde, hiriko hainbat merkataritza eta ostalaritza establezimendurekin hitz egiteko asmoa ere bazuten, euren lan egiteko modua eta esperientziak ezagutzeko, baina soilik Egiako Km.0 jatetxeak erantzun die, bideo baten bidez; jatetxe horrekin oso eskertuta agertu dira horregatik.
Horrekin guztiarekin, bizitza osorako zenbait jarraibide barneratu dituzte ikasleek: «Elikagaien piramidea ikasi dugu, eta baita zer jan behar dugun ere, dieta osasungarri bat izateko».