«Pertsonak bilatu izan ditut beti, horrek erakarri nau hasieratik»
Hainbat urtetako lana du soinean Isabel Azkarate Morera fotokazetariak (Erdialdea, 1950). Orain, atzera begirako erakusketa zabaldu du Tabakalerako Artegunean, Silvia Omedesen komisariotzarekin. Ia hirurehun argazki bildu dituzte, Kutxatekari dohaintzan emandako argazkien erakusgarri. «Pozez zoratzen» dagoela aitortu du. Ingurukoen babesik, behintzat, ez zaio falta: hirutan eten behar izan du elkarrizketa, jendearen zorion mezuak jasotzeko.
Zein harreman izan duzu artearekin?
Artea betidanik gustatu izan zait, gurasoek txikitatik eraman gaituzte erakusketak ikustera. Nire ama Frantzian bizi izan zen urte luzez, eta Albi ingurura eramaten gintuzten oporretara; museo asko daude bertan, Toulouse-Lautrec, eta abar. Txikitatik jaso dut hori, eta ikasketak ere ildo horretatik egin nituen, artea eta dekorazioa ikasten hasi bainintzen. Nire ama bat-batean etxe guztia hankaz gora jartzen zuen horietakoa zen, eta batzuetan aitak etxera etortzen zenean esaten zuen ez zuela etxea ezagutzen.
Eta argazkilaritzarekin?
Argazkigintzan nire amaren lehengusu batengatik hasi nintzen. Hura Miamin bizi zen, eta musikaria zen, Los Chavales de España taldekoa. Kuban-eta kontzertu asko izaten zituzten, baina asko itzultzen zen Bartzelonara, bertakoa baitzen, eta gurasoak bertan bizi baitziren. Bartzelonara joaten zen aldiro etortzen zen Donostiara ere, bere emaztearekin eta semearekin. Halako bisita horietako batean, Nikon handi bat ekarri zuen, eta nik ordurako lagunak nituen Bartzelonan, diseinatzaileak, arkitektoak eta zinemagileak zirenak. Ez genuen artearengatik elkar ezagutzen, eskiatzen kointziditu nuen haiekin, baina argazkilaritza ikastera joan nintzenean Bartzelonara, oso ongi etorri zitzaidan.
Tira, orduan, halako batean, amaren lehengusu hori argazki kamera horrekin etorri zen, eta nik eduki dudan izeba bakarraren herentzia jaso berria nuen, eta diru horrekin erosi nion kamera, 30.000 pezetaren truke. Orduan hasi nintzen argazkiak egiten, eta gaur arte ez naiz geratu. Une horretan, 27 urte nituen. Hantxe dago kamera [erakusketaren ezkerraldea seinalatu du].
Bartzelona utzi eta AEBetara joan zinen gero.
Bai, New Yorkera joan nintzen, ikasten jarraitzera, astebeteko ikastaroak antolatzen baitzituzten bertan. Kamerarekin jarraituz, hainbat aldiz sartu ziren nire etxera lapurtzera, eta nik, kamera horrez gain, beste Nikon bat erosi nuen, eta biekin joaten nintzen. Eta beste kamera txikiago bat ere oparitu zidaten. Kontua da, lapurtzera sartzen ziren aldiro, kamera hori ez beste guztia eramaten zutela, ez dakit zergatik. Oso kamera gogorra da, Vietnamera eramaten zuten, eta erakusketan, kameraren ondoan, aitari idatzi nion gutun bat dago, non argitzen diodan kamera hori ez dela beroa, hau da, ez nuela inon lapurtu.
New Yorketik itzuli nintzenerako, argazkilaritza eta pintura eskola bat antolatua zuten Javier Agirresaroberekin. Nik dena oso fresko nekarren AEBetan ikasitako kurtsoetatik. Pintura eskolak Matxinbarrena anaiek ematen zituzten, Alvarok eta Javierrek. Hori guztia egin zuten ni berriro kanpora joan ez nendin [barrez].
«Eduki dudan izeba bakarraren herentzia jaso berria nuen, eta diru horrekin erosi nuen nire lehen kamera, 30.000 pezetaren truke»
Ondoren etorri zen Zinemaldia?
Hala da, 1982an hasi nintzen Zinemaldiarentzat lanean, aldizkariarentzat lehendabizi, eta argazkilari ofizial modura gero. Eta hortik ja La Voz de Euskadi egunkari ireki berrira joan nintzen. Hor oso gutxitan kobratzen genuen, egunkariak berak ez zuelako dirurik, baina bidaia dietak-eta bai ordaintzen zizkigutela. Hiru urte izan ziren geratu gabe, denetatik egiten.
Dena den, noizean behin nire bidaiatxoak ere egiten nituen, eta egunkaria itxi zenean aldundian hartu ninduten. Lan horrek Gipuzkoa alderik alde ezagutzeko aukera eman zidan. Badirudi Donostian bizi garenok kostako herriak baino ez ditugula ezagutzen. Aldundiarentzat lan egitea sekulakoa izan zen, une oro ari baikinen gauzak inauguratzen: herrietako kultur etxeak, frontoiak, errepideak, eta abar. Garai aparta izan zen.
Lan horietan guztietan, nola erabaki izan duzu zer erretratatu?
Egunkariaren kasuan, haiek esaten zidaten nora joan eta zer egin. Bestela, gauzak gertatu ahala izaten zen. Hor, esaterako, [erakusketaren gune bat seinalatu du], gizon baten argazkia dago. New Yorken egin nion argazkia, eta egun horretan ni bulego batera nindoan protesta egitera, ordaintzen ari ginen alokairua gehiegizkoa iruditzen baitzitzaigun, eta hantxe topatu nuen gizon hura.
Orain dela 50 urte, ez zen hain arrunta izango argazki kamera bat ikustea.
Gaur egun, mugikorrarekin, dena naturalizatu da. Dena den, ni beti joaten nintzen kamerekin zintzilik. Behin, Brasilera joan nintzen lagun batekin, eta denbora guztian esaten zidan kamerak gordetzeko, bestela lapurtu egingo zizkidatela, baina nik esaten nion ezetz, kamerak soinean eramaten ez banituen ezingo nuela argazkirik egin!
Emakumea izateak baldintzatu al zaitu?
Ez, erraztu egin dit, ez dut inoiz arazorik izan.
Argazki kameren unibertsalizazioa bertatik bertara bizi duzu.
Nik uste dut gaur egun mundu guztiak ateratzen dituela argazkiak, baina jendeak ez duela arretarik jartzen.
Lehenago, bidaiak aipatu dituzu. Sormenari bide emateko aukera ziren bidaia horiek?
Bai, erabat. Betidanik atera izan dizkiet argazkiak paisaiei, noski, ezin baitut paisaia eder bat argazkirik egin gabe utzi, baina pertsonak bilatu izan ditut beti. Horrek erakarri nau hasiera-hasieratik, pertsonei argazkiak egitea. Herrialde horrekin konektatzeko nire modua zen hori, bertako pertsonen bitartez bidaiatzen ari nintzen herrialde horretara gerturatzeko.
Pertsona oso ospetsuak eta kalekoak erretratatu dituzu zure bizitzan zehar.
Zinemaldian, nik ez nuen inolako eragozpenik inori argazkiak egiteko. Are, egin behar nituen, lanean ari nintzelako, eta eromena zen. Maria Cristinara etortzen zirenetik, gero harrera, prentsaurrekoak, festak… eta gero etxera iristerakoan dena errebelatu, hurrengo goizean bila etortzen zirenerako prest egon zitezen.
Gainera, Zinemaldiaren bitartez Filipinetara joateko zortea izan zuen, hemengo zuzendari bat hango jaialdi batera gonbidatu baitzuten, eta berarekin joatera gonbidatu ninduen, argazkilari gisa. Bertan ezagutu nuen Ferdinand eta Imelda Marcosen mundua: hura erabateko xahuketa zen.
«Kontua ez da argazkiak kamera batekin edo bestearekin egiten dituzun,
baizik eta zeri egiten diozun argazkia»
Argazkiak egiterako orduan, asko baldintzatzen du nori egiten diozun?
Nire kasuan, ez. Hainbatetan, Zinemaldian, aktoreei euren logeletan egiten nizkien argazkiak; John Travoltaren kasuan, esaterako. Momentu bat iristen da non dagoeneko baduzun argazkiak egiteko estilo propio bat. Orduan, puntu batetik aurrera, argazki guztiek dute elkarren antza, aktoreak izan edo kaleko jendea izan.
Aipatu dezagun erakusketa. Nolatan sortu zen aukera?
Hiru urteko lanaren emaitza izan da. Azkenean, Silvia Omedesek aukeratu ditu argazkiak, erakusketaren komisarioak, eta sekulako lana egin du. Nire bikotekideak eta biok ere esku hartu dugu argazkien aukeraketan. Nire bikotekideak ere lan itzela egin du: argazki oin guztiak jarri ditu, berunezko urteetakoak ziren argazkiak ikertu ditu, alde bateko eta besteko atentatuak zeintzuk ziren argi edukitzeko, eta abar.
Nola ikusten duzu fotokazetaritzaren egoera gaur egun?
Ez dakit, egia esan. Nik beti begiratzen ditut egunkarietan agertzen diren argazkiak, nork atera dituen-eta. Nik uste dut nire garaia gaur egungoa baino dinamikoagoa zela. Orain egunerokoa arruntagoa da, baina urte haietan egun osoan zehar irten behar izaten genuen korrika batean argazkiak egitera. Nik mitin guztien berri eman behar nuen, garai haietan gertatzen ziren gauza guztietan nengoen, erabat sartuta, gainera. Gaur egun ez dakit lehen bezain zirraragarria den, egia esan, gutxienez hemen. Madrilen ja beste gauza bat da.
Egungo jendartea aurrekoa baino askoz bisualagoa da. Zentzu horretan, uste duzu fotokazetaritza hobeto kokatuta dagoela beste kazetaritza motak baino?
Bada, nahiko pesimista naiz. Saiatzen naiz politikan asko ez egoten: nik alderdi bakarra bozkatzen dut, baina argazkiak egiten nituenean berdin zitzaidan alde batekoak edo bestekoak ziren. Inpartziala nintzen, eta horrela izaten jarraitzen dudala uste dut, nahiz eta beti jotzen dudan gehiago ezkerrera, noski.
«Gertatzen ziren gauza guztietan nengoen, erabat sartuta, gainera.
Gaur egun ez dakit lehen bezain zirraragarria den»
Jarraitzen duzu argazkiak egiten?
Bai, baina orain mugikorrarekin [barrez]. Orain dela gutxi arte, Lumix txiki batekin egiten nituen argazkiak. Oso argazki onak egiten zituen, baina azkenaldian, horrekin ere ez. Mugikorrarekin egiten ditut orain, oso argazki onak egiten baititu. Kontua ez da argazkiak kamera batekin edo bestearekin egiten dituzun, baizik eta zeri egiten diozun argazkia.
Orain, ordea, badirudi kamera analogikoak bueltan etorri direla.
Bai, baina nik kamera analogikoak gordeta dauzkat. Denak dohaintzan eman ditut, Leica markakoak izan ezik; horiek gorde egin ditut, 35 milimetrotan sortu zituzten lehen kamera bikainak baitira. Azken urteetan, gehienbat horiekin aritzen nintzen argazkiak egiten, baina beste guztia dohaintzan eman dut, baita AEBetatik ekarri nuen anplifikadorea ere.