Zuzeneko musikaren xarma
Duela hamar urte, Juan Soroeta musikazaleak Club 44 sortu zuen, eta ordutik hamaika kontzertu antolatu dituzte Altxerri aretoan. Erokeria baten moduan planteatu zuenak sekulako arrakasta du orain, eta hilabetean behin jende ugari biltzen da, zuzeneko musikaz gozatzeko asmoz.
Juan Soroeta donostiarrak txikitatik obsesio bat izan du musikarekin, «musikaren gaixotasuna» duela dio. Behin, lagun artean zegoela, 60 edo 70 pertsona biltzea bururatu zitzaion, eta bakoitzari hamar euro eskatu zizkion. Erokeria bat zirudien. Soroetaren eta bere neska lagunaren ideia hura ezinezkoa zen, baina, pixkanaka-pixkanaka, jendea biltzen hasi zen. «Ideia hori ahaztu», esaldi hura askotan entzun behar izan zuen. Bi asteren bueltan, 100 lagun inguru elkartu ziren, eta Altxerrira joan zen bere ideia aurkeztera. Horrela, musika beltza izaten da gehienetan programatzen dutena, eta estatuko zein nazioarteko artistez gozatzeko aukera dute bertaratutakoek. «Bakoitzak hamabost euro jarri genituen eta soilik kontzertu bat edo bi egingo genituela pentsatzen genuen, baina dagoeneko hamar urte daramatzagu», azaldu du, pozik.
Funtzionamendua ez dute aldatu hamar urteotan. Bazkide bakoitzak hilean hamabost euroko kuota bat ordaintzen du, eta horrekin, hilabetean behin antolatzen duten kontzerturako sarrera bat du. Lortutako diru hori musikariak eta teknikariak ordaintzeko erabiltzen dute. Horrez gain, musikariei hotela eta Gandarias jatetxeko afaria ordaintzen dietela azaldu du Soroetak, hiriaz goza dezaten: «Horrekin, musikaria betirako lotuta daukagu, afaria da gakoa». Gehienak afariagatik bueltatzen dira bereziki, behin kontzertuetako giroa eta eguneko plana ezagututa, Donostiara bueltatzeko desiratzen egoten direla aitortu baitu Soroetak. Altxerriko aretoak publikoren eta musikarien distantzia hori murrizteko aukera ematen du, Soroetak nabarmendu duenez: «Eszenatokitik ia metro eskas batera zaude, ez da antzerkia». Kontzertuetara doazen 100 lagunen berotasunak bigarren planoan uzten du dirua, eta musikariek giroari garrantzi handiagoa ematen diote.
Club 44 egitasmo autofinantzatu bat da, eta ez du kuoten dirua ez den bestelako sarrerarik jasotzen. Soroetak argi eta garbi utzi du Club 44 bezalako beste egitasmorik ez duela ezagutzen Euskal Herrian.
Soroetak dio kultura ordaindu egin behar dela, ezin dela doakoa izan. Bilboko Abokatuen Eskolak antzeko kontzertuak eskaintzen ditu, baina horra hor arazoa, Club 44ren sortzailearen ustez: kontzertu horiek doan dira. Autofinantzatua izateak bereizten du Club 44 beste lehiakideengandik. Soroeta: «Hasieratik argi nuen, musikarena hobby bat dela kontuan hartuta, ametsak betetzea ez zela ezinezkoa izango; eskatzeagatik ez dut ezertxo ere galduko».
Musika, Sahararen alde
Musikaren zaletasuna lanbide bilakatzea nahi zuen, baina «frustrazio» horri aurre egiteko, Club 44 sortu zuen. Lanbidez EHUko Nazioarteko Zuzenbideko irakaslea da, eta betidanik gertutik jarraitu du Mendebaldeko Saharak bizi duen egoera. Fronte Polisarioaren aholkulari juridikoa da, eta Sahara eta musika batzea lortu zuen duela urte batzuk: «Behin, bilera batetik bueltatzerakoan, musikari bat etxean nuen, eta Saharari buruzko galderak egin zizkidan. Horren harira, abesti bat egiteko proposamena egitea bururatu zitzaidan».
2016tik gaur egunera, hiru proiektu aurkeztu ditu, eta 44 musikarik parte hartu dute disko horietan. «Musikariak beti prest egon dira proiektu hauetan laguntzeko», adierazi du Soroetak. Gehienak kantautoreak dira; ez dituzte abestiak soilik egiten, konpromiso soziala dute. Saharari laguntza eskaintzeko crowdfunding kanpaina abiatu zuten, eta, bestalde, Soroetaren proiektua hautatua izan zen aldundiaren diru laguntzak jasotzeko. «Disko hauek ekoizteko jaso dugun diru laguntza bakarra izan da, eguneroko funtzionamenduan ez dugu halakorik jasotzen». Kontzertuekin ez dute diru kopuru handirik lortzen, eta aldundiaren diru laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen hiru disko hauek kaleratzea.
Hamar urteotan, Club 44k Donostiarentzat eta gizarterentzat sekulako lana egin du. Kontzertuetan, arlo musikalaz gain, konpromiso soziala bultzatzea lortu du, bazkideek Saharari laguntzen ere parte hartu baitute.
Berriki, ordea, Altxerriko arte galeria eta kontzertu aretoa itxiko dituztela jakinarazi dute jabeek. Juan Soroetak ez du esperantzarik galtzen, eta espero du behintzat aretoa saldu arte kontzertuak antolatzen jarraitzea. «Gaueko planik ez duen Donostiaren moduko hiri turistiko batentzat ezinbestekoa da Altxerriren gisako aretoak bizirik mantentzea».
Dabadabak Altxerriko programazioaren kudeaketa bere gain hartu duenetik, Altxerri beste mundu bat dela dio Soroetak. Hala ere, hilaren 28an Travellin’ Brothers taldeak eskainiko duen kontzertua azkena izan daitekeenaren beldur, Soroeta eta bere inguruko lagunak Club 44k funtzionatzen jarraitzeko leku bila dabiltza: «Altxerrin sortzen den giroa beste leku batean sortzea ez da erraza izango, baina ziur beste nonbaiten jarraituko dugula».