Korrika denda ireki dute Parte Zaharrean
Gabonetako opari gisa zer erosi pentsatzen dabiltzanek, aukera bat gehiago dute gaurtik aurrera. Korrikak denda ireki berri du Parte Zaharrean, 2024 martxoko ekitaldia babestu eta ekimenarekin lotura duten askotariko jantziak eskuragarri egon daitezen. Aitziber Otegi eta Karlos Almonacid dendako kudeatzaileek azaldu dutenez, Eguberrien aurreko egunetarako prest izaten dute denda, besteak beste, kontsumo gehiago izan ohi baita egunotan: “Normalean San Tomas aurretik irekitzen saiatzen gara, jende askok oparitzat erabiltzen dituelako jantzi hauek Olentzerotan oparitzeko”. Esterlines kaleko 12. zenbakian daude bigarrenez, eta gune horren jabetza duen familiarekin oso eskertuta agertu dira: “Eskerrak eman behar dizkiet, lokala korrikarako uzten digutelako.
Dendak eskaintza zabala du eta adin tarte guztientzako jantziak dituzte bertan: “Haurretan hamabi eta hemezortzi hilabeteko tailak ditugu, baita 2 urtetik 14 urtera bitarteko guztiak ere. Hortik aurrera, kamiseta estuak eta zabalak ditugu XS tailatik XXLra”. Ohi bezala, kamisetak dira ugarienak eta atenporalez gain —AEK korrika duen logoarekin— 23.edizioko elastikoak, kamiseta teknikoak eta poloak dituzte, Harro herri leloarekin. Era berean, izerditzeko jertseak, petoak, motxilak, botilak, biserak, katiluak, eta buffak dituzte. “Denetatik pixka bat”, aitortu du Otegik barre artean.
Jantzi berriak
Edizio guztietarako sortu ohi diren jantziez gain, berritasunak ere badituzte aurten. Besteak beste, galtza zango-estuak edo legginsak sortu dituzte, baita etxean eskegi uzteko banderola ere. Horrez gain, Euskal Herrian sortutako kamiseta bat izango dute aurrenekoz: “Bertako materialaren aldeko apustua egiten gabiltza eta horregatik, aurten, Euskal Herrian egindako kamiseta bat atera dugu. Garestiago ateratzen denez, bakarra jarri dugu momentuz”. Hain zuzen, 25 euroko kostua du kamiseta horrek, jertxeak bezala. Beste kamisetak, ordea, 12 eta 15 euroko kostua dute.
Gabonetan eta martxoan (korrikaren hilabetean) egunero egongo dira irekita goiz eta arratsaldez, 10:30-13:30 eta 17:00-20:00 ordutegian, jaiegunetan izan ezik. Urtarrilean eta otsailean, berriz, ostegunetan eta ostiraletan irekiko dute denda 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 10:30-13:30 eta 17:00-20:00 bitarte.