Santomasak ospatu dituzte Altzan
Morlans auzoarekin batera, Altzako bizilagunak dira santomasak ospatzen lehenak. Eguzkia lagun egin dute gaur, eta gabon giroa gailendu da goiz osoan zehar. Txistorra eta taloak prest, asko izan dira Larratxo pasealekuko 26-49 zenbakien artean jarritako azoka txikira gerturatu direnak; euskal jantziak soinean batzuk, zapiarekin soilik besteak. 10:00etan ireki dituzte auzo elkarte eta inguruko ikastetxeek txistorra postuak eta aldamenean izan dituzte barazki saltzaileak ere. Txistorra ogitarteko eta taloez gain, tortilla pintxoak izan dira protagonistak, baita goiz freskoari aurre egiteko salda beroa ere. 11:00etan Kontu Kantatari emanaldia izan dute azokan bertan, etxeko txikienentzako eta 12:30etik aurrera, Herri Ametsa eskolako haurren dantza emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu direnek.
Hona hemen goizean egindako argazkiak: