Saretxeren eta Birundaren aldeko jaialdia egingo dute Mogambon
Groseko Saretxe etxebizitza sindikatuaren eta Birunda Parte Zaharreko gune autogestionatuaren aldeko elkartasun jaialdia antolatu dute abenduaren 30erako Mogambon. Donostiako Nakar taldea eta Gauak bikotea (Berlin / Euskal Herria) arituko dira oholtzan, eta Azkura DJak, ostean.
Bi kolektiboek azaldu dutenez, isunei aurre egiteko diru bilketa izango da jaialdia, baina era berean, aurrera eraman beharreko borroketarako lagungarri izango den erresistentzia kutxa osatzeko balioko dute. “Inork ez du etorkizunik nahi” izango da jaialdiaren izena, Nakar taldearen Garaia Harri kantan oinarrituta.
Sarrera 10 euroan izango da (8 prekarioentzako) eta aldez aurretik erreserbatu beharko da erresistentziakutxa30@gmail.com helbidera idatzita.
Musika taldeak
Nakar taldeak duela aste gutxi aurkeztu zuen Lore ta Laban lana Balio Dute zigiluaren baitan. Hainbat kontzertu eskaini dituzte dagoeneko, eta azaldu dutenez, Donostian denboraldi luze batean joko duten azkena izango da hau.
Gauak elektronika bikotea, bere lehen lana izango dena aurkezteko prest da. Lehendik, Positive Hardcore izenarekin beste lan bat argitaratu zuten. Elektronika lasaiaren eta trip hoparen artean mugitzen da.
Gaualdia isteko, Azkura DJak arituko dira, tekno zikina eta dantzarako
Kolektiboak
Bi kolektiboen azalpen testuak zabaldu dituzte sarean. Hona hemen Saretxeren azalpena: “Saretxe Etxebizitza Sindikatua, Grosen kokatzen da. Historikoki langile auzo bat zena, turistei bideratutako eskaparate bilakatu da , etxebizitzaren arazoa lehen lerrora ekarriz. Horregatik, inurri lanean dihardugu, hor eta hemen gatazkak piztu eta auzo mailan egiturak martxan jarriko dituen prozesuetan sakonduz: auzodefentsatik auzoboterera igarotzeko. Izandako isunei aurre egiteko beharra izateaz aparte, erresistentzia kutxa sortzen ari gara, gure auzokideen borrokak hauspotzeko”.
Birundaren aurkezpena: “Donostiako eremu turistikoenetako batean, espazio hutsen okupazioaren bidez, zapalkuntza ezberdinetatik aske bizi ahal izateko eta hauen aurka antolatzeko ireki den espazio autogestionatua dugu Birunda. Auzokideen proiektuak hauspotzeko eta auzoko komunitatea saretzeko gunea ere bada. Gure jarduna bete ahal izateko eta etorriko diren mehatxuen aurrean tinko mantentzeko beharrezkoa dugu erresistentzia kutxa bat sortzea”.