Sinatu dute kuartelen salerosketa
Loiolako kuartelen salerosketa sinatu dute gaur udalak eta Espainiako Gobernuak. Horretarako, Madrilen elkartu dira Eneko Goia alkatea eta Maria Amparo Valcarce Defentsarako Estatu Idazkaria. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria ere ekitaldian izan dira.
Alkateak gaurkoa “sinadura historikoa” izan dela nabarmendu du: “Udal korporazio askoren ametsa gaur egi bihurtzen hasi da. Akordio honi esker egun erabilera militarrera bideratuta dagoen eremua hiriaren erabilera publikorako eremu bihurtuko da”.
Militarrek lau urteko epea izango dute orain bertatik alde egiteko, eta epe horretarako eremuaren diseinua eta plangintza amaituta eta onartuta egotea espero du Goiak: “Guztion artean eremu berri hori diseinatzeko lanean jartzeko garaia da”.
Udalak eta Defentsa Ministerioak sei hilabeteko epea jarri dute eremuaren eskriturak egiteko. Orotara, 73 milioi euro ordainduko dizkio udalak Madrili kuartelengatik; dagoeneko lehen bost milioiak ordaindu dizkio.