Udaltzaingoa Garberako segurtasuna egiten ari dela salatu du LABek
Donostiako Udaleko LABek salatu du Udaltzaingoa Garberako segurtasun lanak egiten ari dela. “Eskandalutzat” jo dute gertakaria, langile publikoak “enpresa pribatua den Garbera zentro komertzial barruan lanean jarri baititu segurtasun lanetan”.
Salaketaren arabera, azaroaren 24az geroztik, Bidebieta-Altza-Herrera-Larratxo inguruan patruilatzen ari diren udaltzainei agintzen zaie 45 minutuko oinezko patruilak egiteko, Garbera merkataritza gunearen barruan, merkataritza gunea irekita dagoen lan txandetan. LABek dioenez, merkataritza gune horrek segurtasun pribatuko enpresa baten zaintza zerbitzua du, baina, “merkataritza gune hori zabaltzearekin batera zerbitzua eskas geratu da eta buruzagitzak edo udal gobernuak merkatal gune pribatuaren zaintza langile publikoekin egitea erabaki du”.
LABek salatu du barruti zabal hori zaintzen duen patruilak merkataritza gune pribatu baten barruan lan egiteko erabiltzea, aipatutako auzoetan prebentzio patruila arruntak egiteari utzita. “Herritarrengandik jasotako kexen eta udaltzainak Herrerako metro geltoki, San Luis plaza eta Herrerako bidegurutzearen inguruan egiten ari diren interbentzioen arabera, udaltzainak gehiago egon beharko lirateke auzoko herritarren ondoan, merkataritza gune barruan marka komertzial handien mesedetan baino”.