Isuri Gutxiko Eremuak 8.000 ibilgailuren joan-etorriak mugatuko ditu lehen fasean
Etiketarik gabeko ibilgailuak ezin izango dira Isuri Gutxiko Eremuaren sartu, 2024ko amaieratik aurrera. Neurri berriarekin 8.000 ibilgailuren joan etorriak saihestuko dira, eta isuri guztien %30-40 artean murriztuko dela aurreikusten du udalak.
Legeak ezartzen duen moduan, 50.000 biztanletik gora duten udalerri guztiek Isuri Gutxiko Eremua izan beharko dute 2024tik aurrera. Hala izango da Donostiaren kasuan ere, eta 2024ren amaieratik 2028ra bitarte, planaren lehen fasean murgilduko da hiria, Eneko Goia alkateak zehaztu duenez. Hala, Erdialdeko joan etorriei muga ezarriko zaie eta Isuri Gutxiko Eremura (IGE) etiketen bitartez sartu ahal izango da soilik. Marisol Garmendia Ekologia Zinegotzi Delegatuak azaldu duenez, egun Donostiako ibilgailu guztien %26 dira etiketarik izango ez dutenak; zehazki, 2001 aurretik matrikulatutako gasolina autoak eta 2006 aurretik matrikulatutako diesel autoak.
Udalaren arabera, baina, etiketarik izango ez dutenen ibilgailu horien guztien artean —18.178 dira , orotara— %10 ibiltzen da etorkizuneko Isuri Gutxiko Eremuan, eta, horrenbestez, 8.000 ibilgailuri eragingo dio mugikortasun plan berriak. Garmendiak azaldu duenez, ibilgailu horien joan etorria mugatuta, isurien %30 eta %40 artean murriztea du hiriak etorkizun laburrean: “Herritarron osasuna eta ingurumenaren osasuna, eta gure bizi kalitatea mantentzea du helburu nagusi Isuri Gutxiko Eremuak”.
Askotariko salbuespenak
Plan berriaren faseak 8.000 ibilgailuri eragingo dion arren, lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Garmendiak, hiria eta Erdialdea ez direlako itxiko nabarmenduta: “Etiketadun ibilgailu ororen pasabidea baimenduko da eta Erdialdean mugitzen diren %90 ibilgailuk berdin-berdin jarraituko dute lehen fasean”. Era berean, etiketen neurri berriak salbuespen zerrenda zabala izango duela adierazi du Garmendiak, eta egoiliarrez eta mugikortasun murriztua duten pertsonez gain, askotariko egoerak hartuko direla kontuan. Hala, lehen aurreikuspenen arabera, eremuan garaje bat duenak, edo zamalanetan edo banatzaile lanetan dauden ibilgailuek ere normaltasunaz zeharkatu ahal izango dute eremua.
Proiektua hastapenetan dagoenez, aldaketa asko izan ditzakeela adierazi du Eneko Goia alkateak. Era berean, xehetasun eta baldintza asko zehazteke daudela aitortu du, eta oraindik ez dute zehaztu eremuan dauden aparkalekuetan sartzerik izango ote den: “Xehetasunak denborarekin finkatzen joango gara”.
Prozesu parte hartzailea
Marisol Garmendiak azaldu duenez, proiektua aurkeztu arren, zirriborro bat baino ez da, eta denborarekin hobetu egingo dutelakoan dago. Garmendiak, halaber, bi ardatz nagusi zehaztu ditu plan berrian: irekia eta progresiboa izango da. Hala, askotariko eragileekin eta udaleko gainerako talde politikoekin biltzeko asmoa du: “Eremu hau ez da bat-batean jarriko abian, eta datorren astetik aurrera eragileekin hasiko gara lanean, beraien kezka, proposamen eta iradokizun guztiak aztertu, eta ahal den neurrian proiektuan sartzeko”. Proiektua, Udal Gobernuaren Mugikortasun Planarekin batera, datorren asteartean onartuko da, abenduaren 26ko Tokiko Gobernu Batzarrean.
Nolanahi ere, argi adierazi du Goiak, aldaketak izan arren, eremuaren perimetroak bere horretan jarraituko duela: “Legeak ezarritako baldintzak kontuan hartuta ezarritako perimetroa da. Isuri Gutxiko Eremuaren mugak ez dira kapritxoz jarri, airearen azterketa egin baita urteotan eremu hori zehazteko”.