Jendetza batu da sektore publikoko langileen greban
Manifestazio jendetsua egin dute gaur goizean bulebarrean sektore publikoko langileek. Izan ere, EAEko sektore publikoan asteazken honetarako egindako greba deialdiak “jarraipen oso zabala” izan du, ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta Steilas sindikatuen arabera. “Zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu” lelopean, sektore publiko osoa dago gaur grebara deituta.
Ohar batean azaldu dutenez, sindikatuek esan dute urriko greba deialditik gaur arte “aurrerapauso txikiak” egon direla, besteak beste, negoziazio mahaiak deitu dituztelako zenbait azpisektoretan: “Grebek eta mobilizazioek izan duten jarraipen zabalaren ondorio dira urrats horiek, duela hamarkada batetik itxita zegoen bidea berriz ireki baitute. Nolanahi dela, pauso horiek ez dira nahikoa. Halaber, azpimarratzeko modukoa da borondate politikoa egon badagoela, beraz, ezinezko eta ilegal zena posible eta legal bihurtu da orain”.
Zentzu horretan, eskari bikoitza egin dute gaurko honetan indar sindikalek: “Abenduaren 21ean EAEko aurrekontuak bozkatuko dira, eta ez dago aitzakiarik gure aldarrikapenak kontu horietan ez lehenesteko, Madriletik ez dutelako horretan ezelako mugarik jarri. Bestalde, euskal alderdi politikoei eskatzen diegu erabil ditzatela beren botoak Madrilen negoziatuko dituzten aurrekontuetan betorik jar ez dezaten, eta, horrenbestez, zerbitzu publikoak, enplegua eta soldatak “hemen” ituntzeko aukera egon dadin”.
Eskari horiek egitearekin batera, zerbitzu publikoen gainbehera salatu dute sindikatuek, “lan baldintzak geroz eta okerragoak direlako, eta horrek guztiak herritarrenganako arretan eragina duelako”. Greba deialdiak “jarraipen oso zabala” izan duela ere esan dute. Zehazki, hauxe da galdegin dutena: soldaten % 10eko igoera eta aurretik zegoen zorra berreskuratzeko konpromisoa.
Grebaren jarraipena, sindikatuen arabera
Hezkuntza: Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan “jarraipen zabala” izan du grebak, “% 60 ingurukoa”. Hezkuntza bereziko langileei dagokienez, “% 50ek egin dute planto; haurreskoletan, langileen % 70ek, eta EHUn azterketa gutxi batzuk baino ez dituzte egin. Zenbait fakultatetan, gainera, erabatekoa izan da jarraipena, magisteritzan kasu”.
Udal eta foru erakundeak: Kasu honetan ere, “arrakastatsua” izan da deialdia.
Osakidetza: “Osakidetzan gutxieneko zerbitzuek baldintzatu dute lanuztea. Izan ere, milaka langilek ez dute grebarako aukerarik izan, azpisektore batzuetan % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituztelako. Lehen Arretan izan du eraginik nabarmenena grebak”, adierazi dutenez.
Euskal Osasun Zerbitzuaren esanetan, aldiz, jarraipena hutsala izan da: “0,10ekoa gaueko txandan, eta % 5,53koa goizekoan”.
Komunikabideak eta garraioa:Lehengo ordutik agerian geratu da lanera ez joateko deia, sindikatuetan hitzetan. “Horren adibide da irrati zein telebista publikoan albistegi zerbitzua soilik dagoela. Pribatizatu gabeko garraio publikoan ere (Euskotren, Metro Bilbao eta Donostibus) jarraipen zabala izaten ari da, eta Tuvisan ez du behargin bakar batek lanik egin gaurko honetan”, azpimarratu dute. Tuvisak berak, ostera, esaan du % 75ekoa izan dela grebaren eragina.
Administrazioan eta Justizian ere lanaldia gelditu dute zenbaitzuk, nahiz eta lurraldearen eta esparruaren arabera, jarraipena ezberdina izan den.