Manteo inguruan ikasten dabiltzan adingabeen segurtasuna bermatzea eskatu du Elkarrekin Donostiak
GOeren obren atarian, Elkarrekin Donostia udal taldeak Manteo inguruko ikastetxeetan dabiltzan adingabeen segurtasuna bermatu dadila eskatu du udaleko batzordeetan. Arantza Gonzalez koalizioko zinegotziak azaldu duenez, Manteo inguruko mugikortasunari buruzko informazioak kezka sortu du ikastetxeko familien artean; izan ere, GOeren obrako kamioiek Nafarroa hiribidetik igaro beharrean, Rodil pasealekutik sartuko dira eremura.
Koalizio moreko kidearen arabera, kale horretatik igaroz gero, ez dira gutxieneko segurtasun baldintzak beteko, bihurgune bat izateaz gain, oso estua baita kalea. Gonzalezek zehaztu duenez, Xabier Zubiri Manteoko Institutura eta udal kiroldegira sartzeko espaloi bakarrak 50 zentimetro baino ez ditu tarte batzuetan, eta, horrenbestez, ezinezkoa da eskola ordutegiko sarrera-irteerako orduetan bertatik igarotzen diren pertsonen segurtasuna bermatzea: “Premiazkoa da oinezkoen segurtasuna bermatuko duten irtenbideak bilatzea; batez ere, inguruan ikasten duten adingabeena, eskola ibilbide seguruak ezartzeko”. Hala, Elkarrekin Podemos udal taldeak “ikastetxeko sarrera eta irteera orduetan eremu horretatik ez ibiltzeko” eskatuko duela aurreratu du.
Zaratarekiko kezka eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak
Gonzalezek gogorarazi du egun Manteoko ikastetxean dauden ikasle gehienak Zuhaiztiko eskola publikotik datozela, eta horrenbestez, Iztuetako pasabide berriaren eraikuntza jasan zutela orain gutxi: “Ez ditugu ahaztu behar eskola ordutegian hainbeste hilabetez eraikuntza horren zarata jasan beharko duten adingabeengan izango dituen ondorioak”. Gauzak horrela, eragin akustikoaren azterketa bat egitea eskatu du, eta baita inguruko lurzoruak aztertzea ere, hainbatetan aipatu duten moduan, lur horien azpian amiantoa egon daitekeelakoan baitago koalizio morea.