5.600 lagunen oinkadak izango ditu 38. San Silvestrek
Aurten, San Silvestre txikia bultzatzea dute helburu antolatzailee, korrikalari gazteak izango baitira etorkizunean, lasterketari segida emango diotenak.

Dagoeneko 4.400 lagun daude izena emanda 38. San Silvestrerako, baina lehiaketaren data hurbildu heinean, jende gehiago animatuko dela uste dute antolatzaileek, lasterketa denboraldien amaierako ginga baita. Aurten, iaz egin zen moduan, 14:00etan abiatuko da lasterketa abenduaren 31ean. “Iaz, 14:00etara aldatu behar izan genuen irteera ordutegia Realaren partida zela eta, baina harrera ona izan zuen eta aurten igandea dela baliatuta, irteera ordua berriz ere 14:00etan jartzeko hautua egin dugu”, azaldu du Patxi Luzurraga antolatzaileak.
Hala, Easo plazatik abiatuta, San Martin kaletik eta Mirakontxatik igaroko da lasterkarien uholdea Antiguara bidean. Tunela igaro ondoren, Satrustegi kalean igaroko dira Ondarreta pasealekurantz eta ondoren Kontxako pasealekutik bueltatuko dira korrikalariak Portaletaraino. Hortik, Parte Zaharrean barrena igaroko dira Kursaaleko kuboetarako. Hortik, Bulebarrerantz egingo dute buelta, Easo plazarako noranzkoan, eta hasierako puntuan amaituko da lasterketa.
Aurtengo ibilbidean, baina ez da egon ohi zen musika animaziorik izango, baina anoaren postua mantenduko dute Zuloaga plazan. Berrikuntzen artean daude, halaber, Easo plazako komun kimikoak, azken urteotako arazoak ekiditeko. “Badakigu ostalaritza establezimendu mordoa dagoela plaza inguruan, baina ez da nahikoa. Hortaz, komun horiek erabiltzea eskatzen dugu auzoa lasterketaren komuna izateari utz diezaion”, azaldu dute antolatzailee. Era berean, aurreko urteetako “Kontxako dutxak” berreskuratuko dira aurten, iazko lanengatik ezin izan zirelako erabili eta urteroko legez, Easo plazan ezarritako karpa berezietan jasoko da egunean bertan daramatzaten arropa 12:00etatik aurrera, —eguraldi aurreikuspen txarra balego, Amara kaleko frontoian eskainiko litzateke zerbitzu hori—
Sariei dagokionez, sailkatutako lehen bost gizonezko eta emakumezko jasoko dituzte —Irutxuloko Hitza brodatua daraman txapela tartean— eta horren gain, mozorrotuta irtetera animatzen diren parte-hartzailea guztien artena ere Gabonetako saski baten saria banatuko dela aurreratu du Luzurragak: “Bakarkako edo taldekako mozorroa izan daiteke eta epaimahaikideak lasterketa osoan zehar banatuko ditugu irabazlea bidezkoa izan dadin”.
Etorkizuneko korrikalariak
Aurten ere, San Silvestre txikia ospatuko da abenduaren 24an eta 16:00etatik aurrera egingo dira irteerak, Easo plazatik. Adinaren arabera, bost kategoriatan banatuko dira 600 haurrak (4-5, 6-7, 8-9, 10-11, 12-13 kategoriatan) eta kirol proba adin bakoitzari egokitutako tartean egingo dute Autonomia, Pedro Egaña eta Easo kaleak zeharkatuta. Haurren kasuan, helduekin ez bezala, ez da saririk izango, “lehiakortasunaz harago doan lasterketa bat izanda”, haurrek kirol probarekin disfrutatzea baita xede nagusia, Xabier Altuna antolatzaileak adierazi duenez. Nolanahi ere, parte hartzaile guztiek diploma bat jasoko dute lasterketaren amaieran.
Izen ematea eta dortsalak
Izen emateak urrian hasi baziren ere, 1.000 lagunentzako lekua dago oraindik helduen lasterketan; 200 dira, berriz, San Silvestre txikian apuntatzeko garaiz dabiltzanak. Helduen kategorian, dortsalak hamairu euroko kostua izango du abenduaren 28ra arte, eta 29tik 31eeko 13:00ak arte hemezortzi eurora iritsiko da izen ematearen kantitatea. Era berean, argi utzi dute “azken orduko tentazioak bultzatuta” dortsalik gabe ateratzera animatzen diren horiek guztiak” lasterketatik kanporatuko dituztela. Dortsalak, bestalde, Amarako frontoian jasoko dira, larunbatean, hilak 30, 10:00etatik 20:00ra bitarte.
Haurren lasterketan, berriz, izen emateak hiru euroko kostua izango du. Aurten, Dravet sindromea eta epilepsia duten haurren ApoyoDravet elkarteari bideratuko zaio bildutako diru guztia”, azaldu dute antolatzaileek. Dortsalak egunean bertan banatuko dira, 15:00etan, eta txikian zein hekduen lasterketan parte hartzeko, sansilvestredonostiarra.com webgunean eman daiteke izena.