Eguberrietako artisauen azoka Katalunia plazara lekualdatu dute aurten

Urteroko legez, Gabonekin batera bueltatu da artisauen azoka Donostiara. Aurten, baina, Koldo Mitxelenaren lanak direla eta, Katalunia plazara lekualdatu dute azoka eta bertan egongo dira artisauak urtarrilaren 5a bitarte. “Oso leku atsegina iruditu zaigu plaza eta harrera polita izan dugu bizilagunen artean. Gainera, jende dezentek aurrenekoz topatu gaitu hemen”, azaldu du azokan saltzaile dabilen Arantxa Arratibelek. Beste askok, ordea, ustekabean topatu dituztela baieztatu sortzaileak: “Askok ez dute gure lekualdaketaren berri izan eta kasualitatez topatu gaituzte Grosen”.
30 postuk osatzen dute artisauen azoka eta Arratibelen iritziz, askotariko produktuak aurki daitezke bertan:”Neska bat etorri da Galiziatik, eta oso lanpara politak egiten ditu lore naturalekin. Baina horrez gain, zeramika, bitxiak eta bestelako produktuak aurki daitezke hemen”. Arratibelen aburuz, horrek egiten du berezi, hain zuzen, azoka hau, saltoki handietan topatzen ez diren artelan eta jantziak eskuratu daitezkeelako: “Ibaiaren aldamenean dauden postuetan ez bezala, gure produktuak bakarrak dira, gure etxe edo tailerretan ekoitziak, eta ez dituzte berdinak topatuko beste lekuetan”. Eskaintza zabal horretan, gainera, datozen egun berezietarako oparia aurki daitekeela gaineratu du artistak: “Gure produktuak mimoz eta eskuz egindakoak dira, eta opari bereziak izan daitezke”.
Arratibelek jutea lantzen du eta sortzaileak euskal mitologiara jotzen du artelanak egiterako orduan: “Hiru metroko Gernika egin nuen behin jutearekin eta sekulako arrakasta izan zuen. Hortik, eguzki-loreak lantzen hasi nintzen eta egun euskal mitologiako Basajaun eta sorginen irudiak egin ohi ditut”. Arratibelek Egia auzoan du ‘Arratibel Estudioa’ tailerra, baina jakitun da halako azokek ikusgarritasuna ematen diotela artisauen produktuei: “Leku askotan ibiltzen gara, eta jendea gure sorkuntzetara gerturatzeko aukera ematen digu horrek”. Orain, baina, Donostiarren txanda izango da, urtarrilaren lehen egunetaraino artisauen azokak duen eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango baitute.