EH Bilduren iritziz, Udal Gobernuaren Mugikortasun Planaren neurriak ez dira nahikoa
Planaren prozesuan egiazko parte hartzea eskatzen dute, eta neurriak erdigunera soilik ez mugatzea, auzoetako mugikortasuna aintzat hartu dezaten.

Isuri Gutxiko Eremua aurkezpenaren harira, EH Bildutik behar dugu larrialdi klimatiko baten testuinguruan erabaki ausartak eta integralak hartu behar direla, etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango direnak. Mugikortasun Planean markatzen diren helburuekin bat egiten duela diote, besteak beste, espazio publikoa hobetu, garraio pribatua gutxitu eta garraio aktiboa eta publikoa sustatzea xede baitute eurek ere. Koalizio subiranistak, baina, Udal Gobernuak proposatutako neurriek “ausardia falta” erakusten dutela iritzi du, eta helburu horiei heltzeko ez baitira nahikoa izango euren aburuz.
Koalizio abertzalearen arabera, Mugikortasun Planaren gako nagusienetako bat hankamotz gelditu da. Izan ere, Isuri Gutxiko Eremuaren dagoeneko indarrean neurriak ez dira nahikoak, hamarretik bederatzi ibilgailu berdin-berdin sartuko direlako eremura lehen fasean. Era berean, industria guneak eta lurrazpiko aparkalekuak izan dituzte hizpide, Donostiaren mugikortasuna baldintzatzen dituzten bi arazoei heltzea ezinbestekoa dela iritzi baitute: “Lehenengoari buruz ez dugu inongo aipamenik entzun, eta honi neurriak hartzea ezinbestekoa da. Parkingei dagokionez, bestalde, neurriak baloratuko direla aipatzen du proposamenak”. Juan Karlos Izagirreren taldekideentzat, baina, ez da neurriak baloratzeko momentua, horrek egina behar lukeelako honezkero.
EH Bilduk, halaber, planaren begirada luzea bota du faltan, eta besteak beste, eta GI-20 errepidea kontuan hartzea eskatu dute, koalizio abertzalearen iritziz, errepide horren eraldaketak aldaketa asko eragingo lituzkeelako hainbat auzoren mugikortasunean.
Proiektuen inguruko partaidetzaz egutegi bat aurkeztua izan da eta hala izango dela sinetsi nahi dute, baina ereduarekin zorrotzak izango direla baieztatu dute: “Entzuketa aktiboa eginez, auzoetara hurbilduz eta bizilagunekin zein eragileekin partekatuz izan behar du. Proposatzen diren neurriak hiriaren erdigunetik harago begira jarri eta auzoetako errealitateak eta mugikortasuna kontuan hartzeko momentua da orain”. Azkenik, gainerako udal taldeek ere gure ekarpenak egiteko aukera izatea eta horiek kontutan hartuak izatea eskatu dute.