Emaus Fundazioak bigarren eskuko azoka berezia izango du Eguberrietan
Gabonetako salmenta bereziak altxorrak eskuratzeko aukera emateaz gain, gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonei laguntzea du helburu.

Emausen, bigarren eskuko azoka berezia izango dute urtarrilaren 5a bitarte. Urte osoan zehar “etxez etxeko bilketetatik jasotako altxor paregabe eta liluragarriak” biltzen ibili dira eta eskuragarri jarri dituzte, Mundaiz kalean duten Emaus Faktory Shop saltokian. Arduradunek azaldu dutenez, berrerabiltzeko eta merkaturatzeko prozesu guztia, urte osoan zehar egiten den moduan, prestakuntzan lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako enpresa batek darama, Emaus fundazioarekin batera. Hala, Gabonetako salmenta bereziak altxorrak eskuratzeko aukera emateaz gain, gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonei laguntzea du helburu.
Orotara, 165 objektu jarri dituzte prest Gabonetako azoka berezian eta horien artean, “benetan bitxiak” diren objektuak eskuratu daitezke. “Gure bildumaren erdian, Lladróren edizio mugatu baten parte figura bat dago, Amatasuna izenekoa, tamaina handikoa, baldintza bikainetan, benetakotasun ziurtagiriarekin”, azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek. Bildumagileentzako piezez gain, antzinako jostailuen bilduma ere jarri dute eskuragarri:” Nancy Panpinetatik hasi eta historia duen binilozko Mariquita Perez batera arte. Baita hamarkada oso batean hain garrantzitsua izan zen skalextrik jostailua ere”. Era berean, askotariko musika tresnak dituzte, hastapenetan daude musika ikasleentzat.