Maider Uriartek irabazi du Donostia Kultura Irratiaren Hamaika Entzuteko saria

Donostia Kultura Irratiak antolatutako HAMAIKA ENTZUTEKO! IX. Irrati-piezen lehiaketako sari nagusia Maider Uriarte Doizentzat izango da, Kirikoketa piezarengatik. Bigarren saria, berriz, Ruben Martinez Rosasentzat izango da Arbizu Enea izeneko lanagatik.
DK Irratiaren Ispilu Beltza irratsaio berezian aurkeztuko dira irabazleak, hilaren 22an. Bertan, HAMAIKAENTZUTEKO! IX. Irrati-piezen lehiaketako pieza irabazleak entzuteaz gain, saridunekin elkarrizketak izango dira, eta baita lehiaketaren antolatzaile eta epaimahaikideekin solasaldiak ere.
Halaber, 14:00etan eta 21:00etan saioaren errepikapena entzuteko aukera izango da. Deialdira aurkeztutako lanen artean, epaimahaiak erabaki du pieza irabazlea Kirikoketa dela. Epaimahaiak aho batez erabaki du aurten lehiaketara aurkeztutako lan guztietatik onena dela eta horrela baloratu du: “Pieza laburra eta erakargarria da, soinu-geruza ugari dituena eta efektuak oso modu eraginkorrean erabiltzen dituena. Hizkuntza aberatsa duena eta Euskal Herriko ohituren islada diren soinu eta sentsazioak transmititzen dituena”.
Egilea Maider Uriarte Doiz kazetaria da. Bigarren saria Ruben Martinez Rosasentzat izan da, Arbizu Enea izeneko lanagatik. Epaimahaiak azpimarratu du lan originala eta umoretsua dela, soinu-efektuak oso ongi erabiltzen dituena eta entzulea irratsaioan kontatzen den istorioan murgiltzeko gaitasuna duen pieza entretenigarria.Pieza irabazleak entzungai egongo dira irratiaren webgunean.