Udalaren Mugikortasun Planak bidegorrien sarea eta oinezkoentzako espazioak sustatzea du helburu

Isuri Gutxiko Eremuarekin batera, Donostiako Mugikortasun Plan orokorra aurkeztu zuten atzo, datozen urteetarako zehaztuta dagoen bideorriaren berri eman eta etorkizun laburrean izango diren aldaketak azaltzeko. Hala, bost ildo nagusi zehaztu ditu udalak, eta besteak beste, oinezkoak lehenestea, garraio publikoa sustatzea, hiri ingurune berriak sortzea eta aparkalekuen tokia optimizatzea du helburu.
Yarzak azaldu duen moduan, “oinez eta bizikletan” lekualdatzen direnak dira egun udalaren lehentasun nagusi, eta, horrenbestez, kaleak oinezkotzea du helburu. Hala, Ramon y Cajal kalea eta Legazpi-Gipuzkoa plaza ardatzean, besteak beste, oinezkoentzako zenbait gune ezarriko dira. Era berean, igogailu gehiago eraikitzea aurreikusten du udalak., eta hiriko bizikleta sarea handitu eta hobetu nahi duela aurreratu du.
Ildo horretatik, ingurune berriak sortu nahi dituzte egun trafikoak bere gain hartu dituen biribilgune eta zonalde handiak eraldatuz. Bide horretan ere, oinezkoentzako erosoagoak diren pasabideak sortuko dituztela aurreratu du Yarzak: “Oinezkoarentzat ez dira batere erosoak, kosta egiten zaigu biribilgune horiek zeharkatzea Aita Donostia biribilgunea, esaterako, kentzeko lanetan ari dira eta ez da berriz ere biribilgune bat izango, oinezkoen joan etorriak errazteko”.
Topoaren zabaltzeak hiriko hainbat gunetan trazadura berriak izango dituela kontuan izanda, hiriko garraio publikoko sistema birplanteatu beharko dela aitortu du Mugikortasun Zinegotziak:”topoaren erabilpena inflexio puntu bat izango da datozen urteetan eta mugikortasuna aldatu egingo du , horrenbestez, azterketa bat egin beharko da Dbusek eta Lurraldebusek zer nolako zerbitzu eskaini behar duen zehazteko”.
Bukatzeko, aparkatzeko dagoen tokiari dagokionez, azterketa bat egingo dela adierazi du Yarzak, Tao Sisteman eta lurpeko aparkalekuak eraldatzeko. Gainera, aparkaleku disuasorioak ezarriko dira eta hirian, hiriaren kanpoaldera autoa utzi eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko.
Donostiako azterlana
Olatz Yarza Mugikortasun Zinegotziak azaldu duenez, diagnosi sakona egin da Diagnosi oso sakona egin da “Donostia nola mugitzen den eta zertarako mugitzen den” aztertzeko. Donostian, Joan etorrien arrazoi nagusiak soldatapenko lanarekin, (%30,6), aisialdiarekin (%30,1) eta zainketekin (%20,7) daude lotuta. Bidaiatzeko motari dagokionez, bestalde, hiritarren %39,6 ibilgailu motordun pribatuetan lekualdatzen da ( %36,6 autoan eta %3 motorrean), eta %37,3 oinez eta bizikletan lekualdatzen dira. Gainerako %22,6 garraio publikoaren erabilera egiten du (%16 autobusean, %5 trenean, eta %1,6 joan etorri multimodaletan).