Donostian izango dira, aurten ere, Olentzero eta Mari Domingi
Haurrek gutunak eman ahal izango dizkiete, hilaren 24an, 15:30etik aurrera Udaletxeko Udalbatza Aretoan, eta , aurten, lehen aldiz, bizikletan jarraitzeko aukera izango da.
Abenduaren 24an Donostian izango dira, aurten ere, Olentzero eta Mari Domingi. Tradizioari jarraiki, goizeko 11:45ean Udaletxeko terrazatik donostiar guztiak agurtuko dituzte eta, jarraian, hiriko hainbat auzo bisitatuko dituzte ibilgailu klasiko batean.
Aurten, nobedade gisa, 6 urtetik aurrera duten donostiar guztiei autoaren ibilbidea bizikletan jarraitzeko gonbita luzatu dute.
Ibilbidea honakoa izango da: Alderdi Eder, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, San Martin, Kontxa pasealekua, Satrustegi, Zumalakarregi, Tolosa, Andrestegi, Berio, Europa plaza, Tolosa, Zumalakarregi, Kontxa pasealekua, Zubieta, Easo, Askatasunaren hiribidea, Santa Catalina zubia, Miracruz, Ategorrieta, Nafarroa hiribidea, Sagües, Zurriola hiribidea, Kursaal zubia, Erregina Erregentea, Boulevard, Hernani, Alderdi Eder.
Ibilbide osoan Galtzagorri talde baten laguntza izango dute eta era berean, arratsaldeko desfilean lagunduko dieten egurgile batzuk ere aldamenean izango dira. Olentzerok eta Mari Domingik autoa laguntzera animatzen diren pertsonei eskatu nahi diete, ahal izanez gero, baserritar jantziarekin eta, nahi izanez gero, Gabonak gogora ekartzen dituen osagarriren batekin egiteko. Aurreikusita dago Olentzero, Mari Domingi eta sekito guztia Udaletxera berriro itzultzea 13:30ak aldera.
Gutuna emateko aukera
Arratsaldean, 15:30etik aurrera, umeen gutunak jasoko dituzte Udaletxeko Pleno Aretoan. Bertan egongo dira 17:30ak arte. Udaletxeko sarbidean dagokion ilarra ezarriko da Alderdi Ederreko terrazatik, eta sartzeko lerroa 17:10ean itxiko da.
Gutunak edo marrazkiak oraindik egin ez dituzten haurrek Udaletxeko terrazan prestatu ahal izango dituzte. Halaber, baserritarrez jantzita badoaz, Gero Axularreko kideen laguntza izango dute zapia, abarkak edo gerrikoa ezin hobeto jarrita eramateko.
Ezintasun funtzionalen bat duten umeak Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dira osoko bilkuren aretora, heldu batek lagunduta. Aurreko urteetan bezala, Olentzerok eta Mari Domingik zeinu interprete baten laguntza izango dute entzumen-urritasunak dituzten pertsonei euren nahiak helarazi eta beraiekin askatasunez komunikatzeko.
Desfilea
Ohiko desfileari 18:00etan emango zaio hasiera Ijentean, eta honako ibilbide hau beteko du: Hernani, Askatasunaren Hiribidea, Loiola, San Martzial, Getaria, Txurruka, Gipuzkoa Plaza, Elkano eta Bulebarra.
Aurtengo desfilea ere pertsonaia mitologikoz eta Gabonetako elementuz beteta egongo da. Besteak beste, lamiak, Mari, Tartalo, Otsoko eta Sorgina izango dira Olentzero eta Mari Domingiren laguntzaileak. Guztira 510 lagunek desfilatuko dute eta 1.000 kg gozoki baino gehiago jaurtiko dituzte, zeliakoentzat egokiak. Ikatz gozoa ere, banatuko dute, Olentzero ikazkina dela gogorarazteko.