[INOZENTEKERIA] Urgulleko Jesusen Bihotza eraistea erabaki dute Pedro Sanchezek eta EH Bilduk
Urte luzetako eztabaiden ondoren, ados jarri dira ezkerreko alderdiak: Urgulleko Jesusen Bihotza eraitsiko dute, Memoria Demokratikoaren Legea betetzen ez duela eta. Espainiako presidente Pedro Sanchezek eta EH Bilduk adostu dute neurria, azken aldiko bi alderdien sintonia onaren erakusle. Edonola, argitu dute, “ez duela zer ikusirik inbestiduraren negoziaketekin”.
“Frankismoaren arrastoak gure hirietatik behin betiko desagerrarazi” behar direla aldarrikatu dute bi alderdiok, eta, Urgulleko Jesusen Bihotzak faxismoari “gorazarre” egiteko balio duela gogorarazi dute. Izan ere, 1939an hiriko udal gobernu frankistak erabaki zuen Jesusen Bihotzaren eskultura erraldoi bat eraikitzea Urgull mendiaren tontorrean ondorengo udal adierazpen hau onartuta: “Espainia eta Francoren alde Gora Kristo Errege! oihupean odola isuri eta bizia eman zutenek gure esker ona eta mirespena merezi dute”.
Federico Coullant eskultorearen laguntzarekin, Pedro Muguruza Otaño arkitekto frankista izan zen Donostiako Jesusen Bihotzaren egilea. Muguruzaren lan ezagunena Erorien Harana da. Cuelgamuros haranean (San Lorenzo de El Escorial, Espainia) dagoen basilika 1936ko garaipena goresteko eraiki zuten, eta eraikuntza lanetan preso politiko ugari aritu ziren. Duela gutxi arte hor zeuden lurperatuta Franco diktadorea eta Primo de Rivera agintari faxista.
Memoria historikoarekin konpromisoa
Bi alderdiek “konpromisoa” erakutsi dute Memoria Demokratikoaren Legea “benetan” betetzearekin. Testuinguru horretan kokatu dute La Cumbreren lagapena. 2022ko ekainean adostu zuten La Cumbre Jauregia eskualdatzea eta Donostiako Udalari lagatzea adostu zuen EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin. Kanpo Arazoetako Ministerioaren egoitza izan zen Francoren udako egonaldietan, Aiete auzoan, eta Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren bizitokia ere izan zen; han torturatu zituzten Lasa eta Zabala 1983an, GALeko kideek hil eta kare bizian lurperatu aurretik.
Momentu horretan adierazi zutenez, “jauregiaren lurrak eta dokumentazioa Donostiako Udalaren esku utziko dira Memoria Demokratikoaren Legea indarrean sartu eta gehienez ere urtebeteko epean”. Urte eta erdi pasata, ordea, ez da lagapena gauzatu, oraindik. Besteak beste, Eneko Goia alkateak, iaz esan bezala, ez duelako nahi hirarentzako “karga bat” izatea.
Eraisteko parte hartze prozesua
Jesuen Bihotzaren eraisketaren inguruan, EH Bilduk gaineratu du “demokraziaren festa” izatea nahi duela, “36ko gerran borrokatu zuten hiriko anarkisten eta komunisten omenezko festa”: “Haien borroka gure eredu delako gaur egun ere”, gaineratu du, hunkituta.
“Festa” hori gauzatzeko, “parte-hartze prozesua” egingo dute, eta estatua nola eraitsi adostuko da bertan. Juan Karlos Izagirrek honela gaineratu du: “Modu herrikoian eraistea litzake ederrena; deskolonizazio borroken moduan, Kristobal Kolonen estatuak eraitsi ziren moduan eraitsi beharko genuke faxismoa!”.
Alkate ohiak proposatu duenez, “soka erraldoi batez inguratu daiteke Jesusen Bihotza, eta pasealeku berritik tira egin dezatela herritarrek”.