1.500 errege opil zati banatuko ditu Caritasek ostiralean
Bosgarren urtez, Caritas elkarteak errege opil solidarioa banatuko du ostiralean (hilak 5) Gipuzkoa plazan, “gizartea sentsibilizatzeko” helburuarekin, “hemen, gure inguruan, haurrek eta gazteek pairatzen duten pobreziaren eta bazterketa egoeren inguruan”.
10:00etan hasiko dira Caritaseko boluntarioak 1.500 errege opil anoak banatzen, eta anoa bakoitzak hiru euroko prezioa izango du, errege opil zati batekin, irabiatu batekin, ur botila batekin eta “sorpresekin”. “Bildutako dirua Gipuzkoako Caritasen hezkuntzara eta haurren eta familien ongizatea sustatzera bideratutako programetara bideratuko da, hala nola, Bultzada eskola laguntza programara, Zubia etxebizitza programara edo Miriam emakumeen programara, besteak beste”, azaldu du elkarteak.
Bestalde, errege opil solidarioaren bosgarren urteurrena ospatzeko, txokolate beroa ere eskainiko dute eta bestelako opariak zozkatuko dituzte. Gozoa Artisau Gozogileak elkarteko hogei bat gozogileren laguntzarekin egingo dute errege opila, eta beste hainbat entitatek ere parte hartu dute egitasmoan: Eroskik, Envasekok, Komaidak, Usabiagak eta Alzolak.
Caritasek nabarmendu duenez, errege opilak “lotura zuzena” du elkartasunarekin eta oso esanahi berezia du: “Biribila da, hortaz, solidaritate zirkular baterako deia egiten du. Hau da, laguntza eta babesa edozeinek behar ditzakegula gure bizitzako uneren batean. Gainera, ez du ez hasierarik ez amaierarik, urte osoan zehar elkartasuna izatea nahi dugun bezala. Zatituta eta partekatua delako, hau da, pertsona bakoitzak bere garapen pertsonalean eta gizarteratzean behar dituen aukerak eta baliabideak izan behar diren bezala. Frutaz beteta dagoelako. Fruitu horiek pertsona bakoitzak egin ditzakeen keinu ugarien emaitza irudikatzen dute, bere inguruko errealitatea aldatzeko gai direnak”.