7.000 bat boto jaso dituzte Manteoko parkearen inguruko galdeketan
Basque Culinary Centerren bigarren egoitza Manteon eraikitzeko proiektuak aurrera jarraitzen du, eremua hesituta baitago eta lehenengo makinak duela bi aste iritsi baitziren. Horren aurrean, proiektuaren aurka nekaezin borrokatzen ari diren Uliako auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa bat egin berri dute, herritarrei Groseko berdegune bakarrarentzat zer etorkizun nahi duten galdetuz.
Horrela, abenduaren 30ean hiru orduz eman zuten Manteon bertan bozkatzeko aukera, eta jakinarazi dute 1.500 boto jaso zituztela egun horretan. Horrez gain, asteburuan, Internet bidez bozkatzeko aukera ere eskaini zuten, eta nabarmendu dute 5.400 bototik gora jaso dituztela bide horretatik; hau da, 7.000 boto inguru jaso dituzte guztira. Pozik agertu dira herritarren erantzunarekin, eta jakinarazi dute laster emango dutela galdeketaren emaitzen berri.
Borroka luzea
Beste hainbat eragilez eta norbanako ugariz gain, bi eragile horiek ari dira gidatzen GOe izeneko Basque Culinary Centerren bigarren egoitzaren aurkako borroka, hainbat arrazoirengatik: Groseko berdegune bakarra suntsitzea eragingo duelako, entitate pribatu bati lur publikoa eskaintzeagatik, diru publiko asko bideratzeagatik proiektura eta hiriaren turistifikazioan sakontzeko tresna bat izango dela uste dutelako, besteak beste. Gainera, berriki, ohartarazi zuten balitekeela eremu horretako lurrak kutsatuta egotea. Horrela, mobilizazio eta egitasmo ugari egin dituzte azken urtean BCCren bigarren egoitza Manteon jartzearen aurka.