6.500 lagunek Manteo eta Zemoria parkeak babestearen aldeko botoa eman dute
Uliako auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa bat egin dute, eta emaitzak jakinarazi berri dituzte.
Basque Culinary Center (BCC) Gros eta Ulia artean dauden Manteo eta Zemoria parkeetan eraikitzekoa den egoitza berriaren aurrean (Gastronomy Open Ecosystem, GOe), Uliako auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa bat egin dute, eta emaitzak jakinarazi berri dituzte.
Jakinarazi dutenez, ia 7.000 lagunek parte hartu dutela asteburu bat iraun duen galdeketan —6.948k, zehazki—, eta %96,53ak, 6.486 pertsonak, BCCren bigarren egoitzaren aurrean, parkeak babestearen aldeko botoa eman dute. 222k (%3,30) bozkatu dute parkeak ez babestearen aurka, 11 lagunek boto zuria eman dute (%0,16) eta 229 boto baliogabeak izan dira. Jaso dituzte boto gehienak (5.477) Internet bidez jaso dituzte, eta gainontzekoak presentzialki bozkatzeko jarritako postuetan jaso dituzte: Okendo Kultur Etxearen ondokoan 728 boto eta Nafarroa Beherea plazan 743 boto.
Horrela, “oso pozik” agertu dira galdeketaren antolatzaileak: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, gizarteak emandako erantzunarengatik. Gero eta gehiago gara, eta sortu genuen Change.org-ko sinadura bilketako datuak gainditu ditugu”
Borroka luzea
Beste hainbat eragilez eta norbanako ugariz gain, bi eragile horiek ari dira gidatzen GOe izeneko Basque Culinary Centerren bigarren egoitzaren aurkako borroka, hainbat arrazoirengatik: Groseko berdegune bakarra suntsitzea eragingo duelako, entitate pribatu bati lur publikoa eskaintzeagatik, diru publiko asko bideratzeagatik proiektura eta hiriaren turistifikazioan sakontzeko tresna bat izango dela uste dutelako, besteak beste. Gainera, berriki, ohartarazi zuten balitekeela eremu horretako lurrak kutsatuta egotea. Horrela, mobilizazio eta egitasmo ugari egin dituzte azken urtean BCCren bigarren egoitza Manteon jartzearen aurka.