Groseko Ezkurra taberna lekualdatuko dute
Groseko Ezkurra taberna ezagunak atea itxiko du laster, baina ez agur esateko, gero arte esateko baizik; asteazken goizean sare sozialetan argitaratutako bideo baten bidez eman dute egungo tabernaren itxieraren berri. Establezimenduaren sareak daramatzan Aitor Azurki kazetariak hedabide honi baieztatu dionez, Mirakruz kaleko 17. zenbakiko lokala utzi eta handik gertuko beste batera joango dira: Gloria kalera, Txofre Berri tabernaren lokalera.
Gero arte esateko unea heldu da; eta jarrai gaitzazuela ere bai. Bagoaz-eta, baina ez urrun, hemendik hurbil egongo garelako laster. Eskerrik asko bihotz-bihotzez denoi eta laster arte! #ezkurrataberna #ezkurra #adiorikez pic.twitter.com/QAz4455pTH
— Bar Rest Ezkurra (@EzkurraRest) January 2, 2024
“Trantsizio lasaia eta polita” izango dela azaldu du Azurkik, eta datozen hilabeteetan irekiko dutela taberna berria: “Irekiera data ez da ziurra oraindik, orain obra egin behar delako lokal berrian”. Hala ere, Ezkurraren izena, iruditeria —kanpoko kartela, barruko koadroak eta estetika—, lantaldea eta, noski, janaria eramango dituzte Gloria kaleko lokalera, “izpiritua berbera izan dadin”. Izan ere, etxeko janaria egiteagatik da ezaguna Ezkurra, bereziki bere entsaladilla errusiarrarengatik eta bere patata tortillarengatik.
Gainera, lokalak aukera berriak irekitzen dizkiela kontatu du Azurkik, terraza handiagoa daukalako, sukaldea ere handiagoa delako, oinezkoentzako kale batean dagoelako eta Kiskurra tabernaren ondoan dagoelako, besteak beste.
Ibilbide luzeko taberna
Joseba Baldak darama Ezkurra taberna 2002tik, bere anaia Aitorrekin tabernaren ardura hartu zuenetik —2007an, Aitorrek taberna utzi zuen, Malagara joan zelako bizitzera—. Aurretik ere Balda familiarena zen Ezkurra, 1960an Josebaren eta Aitorren aita Jose Marik eta haren anaiek, Enriquek eta Alejandrok, Betelu herria (Nafarroa) utzi eta Donostiara etorri zirenetik.
Egungo lokalean Eguren izeneko taberna bat egon zen 1930etik 36ko gerrara arte, izen bereko arduradun batekin. Eguren haren koinatu Elias Ezkurraren eskuetara pasatu zen lokala gerraren bueltan, eta hark jarri zion Ezkurra izena tabernari. Aipatu moduan, 1960an hartu zuten tabernaren ardura Balda sendiak, Ezkurra izena mantenduz.
Horrela, hamarkada askoko ibilbideari amaiera emango diote datozen hilabeteetan, baina puntu eta jarrai bat izango da, Ezkurrak Grosen jarraituko baitu, esentzia berarekin. Mirakruz kaleko taberna itxi aurretik, ordea, agur festa bat egingo dutela jakinarazi du Azurkik, oraindik data zehaztu ez badute ere.